AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Kolono sionisten eraso bat Zisjordanian. ARGAZKIA / Hispan TV
2024/06/12 11:44

Gazako Zerrendan ikaragarrizko sarraskia egiten ari da Israelgo Estatu terrorista: azken zortzi hilabeteetan, 37.000 palestinar erail eta ia 84.000 zauritu ditu bertan. Sionisten oldarraldia, baina, ez da Gazako Zerrendara mugatzen: Zisjordaniako lurretan ere areagotu dituzte erasoak, bai militarrek bai kolonoek (askok "zibiltzat" jotzen dituztenek).

Al Jazeera hedabideak maiatzaren erdialdean emandako datuen arabera, urriaren 7tik ordura arte, 500 palestinar baino gehiago erail zituzten sionistek Zisjordanian; bai operazio militarretan, bai kolonoen erasoetan (gutxienez 20 palestinar hil dituzte "zibilek"). Hildako horietatik 124 haurrak ziren.

2022 osoan Zisjordanian eraildako palestinar kopuruaren hirukoitza da hori, 154 izan baitziren orduan, Nazio Batuen Erakundearen esanetan. Urriaren 7a heldu aurretik, 199 ziren 2023an zehar Zisjordanian hildako palestinarrak.

Jakinarazi dutenez, Gazako sarraskia estaldura gisa erabili dute azken hilabeteetan sionistek, Zisjordanian eraso kriminalak gogortzeko; besteak beste, palestinarren kontra helikopteroak eta droneak erabili dituzte. Kolonoen erasoak ere biziagotu dira Zisjordanian: palestinarren herrixketara eta hirietara bertaratu eta eraso egin diete, toki batzuetan, euren etxeetatik botaz. Gutxienez hemezortzi artzain-komunitate palestinar kanporatu dituzte euren lurretatik, azken datuek diotenez.

Milaka zauritu, atxilotu eta desplazatu

Horretaz gain, maiatzaren 16ko datuen arabera, sionistek 4.950 palestinar zauritu zituzten Zisjordanian urriaren 7tik. Denbora-tarte berdinean Israelgo Estatuko indar militarrek atxilo hartutako pertsonak 8.088 ziren; gehienak atxiloaldi administratiboan, antza.

Horretaz gain, palestinarrak euren lurretatik kanporatzen eta euren jabetzak eraisten jarraitu dute sionistek Zisjordanian. Al Jazeera-k jakinarazi duenez, urriaren 7tik maiatzaren 16ra bitartean, ia 4.000 palestinar bota zituzten euren etxeetatik, eta 648 eraikin edo egitura suntsitu zituzten.

Palestinako lurren okupazioan aurrera egiteko urratsak

Palestinarren kontrako indarkeria horren guztiaren barruan, sionistak legez kontrako kokaleku gehiago eraikitzen ari dira Zisjordanian, eta urratsak egiten ari dira lur palestinar gehiago okupatzeko. 2005etik debekatuta zeuden eremu batzuetan egonlekuak eraikitzeko neurriak hartu ditu Israelgo Estatu genozidak, eta gobernu sionistak estatuaren eremu gisa izendatu ditu Zisjordaniako 1.097 hektarea, kokaleku gehiago jarri ahal izateko.

EZ DAGO IRUZKINIK