Apirilaren 3an igorritako komunikatu bateratu batean, Israel Katz (Likud alderdikoa) eta Bezalel Smotrich (Sionismo Erlijiosoa alderdikoa) Israelgo Defentsa ministroek berretsi zuten gobernu sionistak Zisjordania modu iraunkorrean hartzeko, kolonizatzeko eta anexionatzeko asmoa duela. Planak berekin dakar palestinarren etxebizitzak eta arreta humanitarioko eta garapeneko azpiegiturak suntsitzea, hala nola eskolak eta osasun-zentroak; Babes Zibileko eta Europako Laguntza Humanitarioko Zuzendaritza Nagusiak, Europako Batzordeak, Europar Batasuneko Kontseiluak, Norvegiako Kanpo-Arazoetako Ministerioak edo Erresuma Batuko Kanpo-Arazoetako Ministerioak finantzatutakoak, besteak beste. Bi ministro sionistek argitaratu dituzte adierazpenak X sare sozialean.
Nazioarteko Justizia Gorteak 2024ko uztailaren 24an ebatzi zuen legez kontrako jardunbideak direla jabetzak suntsitzea eta palestinarrak indarrez lekualdatzea, sionisten kokaguneak hedatzeko. Gortearen epaiak ezarri zuen, dokumentatutako gertaeretan oinarrituta, Israelgo Estatuaren eta kolono "zibilen" ekintzak nazioarteko zuzenbidearen urraketak direla. Dena den, Katzek eta Smotrichek politika horiekin aurrera jarraitzeko asmoa berretsi dute, Israelgo Estatuaren interesen parte direla justifikatuz. Nazio Batuen Erakundearen 1974ko Batzar Nagusiaren 3314 Ebazpena ere urratzen du planak; eraso-ekintzak definitzen dituen ebazpena, hain zuzen ere.
Katzen, Smotrichen eta agindu horiek betetzen dituzten komandante militarren erantzukizun penalari buruzko esku-hartze batzuk ere eragin ditu adierazpenak. Izan ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelgo Estatuko agintaritzen aurkako atxilotze-agindu batzuk eman ditu dagoeneko.
Nazioarteko Justizia Gorteak aurrez ere seinalatu zuen legez kanpokoa dela Israelgo Estatuaren presentzia okupatutako lurralde palestinarretan, eta okupazio horrekin amai zezala agindu zion. Baina, aipatutako bi ministro sionisten komunikatuaren arabera, Israelgo Gobernuak bere jarrerari eusten dio; eta gorteak, gainera, ez du botere betearazlerik. Beste estatu batzuek ez dute neurri zehatzik hartu Israelgo Estatuaren aurka, eta, hala, politika horiekin jarraitu ahal izan dute sionistek.