AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The Knesset
2025/10/24 08:46

Israelgo Parlamentuak (Knesset) astearte honetan onartu du Zisjordanian "Israelen subiranotasuna" inposatzeko lege-proiektu bat, okupatutako lurralde palestinarraren anexio formala ekarriko lukeena. Aldeko 25 botorekin eta kontrako 24rekin onartu zuten ekimena bozketan; eta ustez, aurka agertu ziren Benjamin Netanyahu lehen ministroa eta bere alderdiaren (Likud) gehiengoa. Dena den, beren diputatuetako batek, Yuli Edelsteinek, boto-diziplina hautsi eta kolonizazio-ekimena babestu zuen.

Proiektua Avi Maozek aurkeztu zuen, gobernuko kide ez den Noam eskuin muturreko alderdiko buruak. Testuan, Israelgo Estatuko legeak "Judea eta Samaria eremuetan" aplikatzeko asmoa jasotzen da (estatu sionistak Zisjordania izendatzeko erabiltzen duen termino ofiziala). Maozek neurria justifikatu zuen esanez "Jainkoak Israelgo herriari Israelgo Lurra eman ziola" eta anexioak "luzaroan atzeratutako bidegabekeria bat" zuzentzen duela. Itamar Ben-Gvir (Botere Judua) eta Bezalel Smotrich (Sionismo Erlijiosoa) eskuin muturreko ministroen babesa ere jaso zuen proposamenak.

Proiektu horren onarpenak argi eta garbi gezurtatzen du Netanyahuk, duela hilabete Donald Trump AEBetako presidentearekin sinatutako 20 puntuko planean, "gerrari amaiera emateko" erakutsitako ustezko konpromisoa. Washingtonek, hala, hitzez gaitzetsi du ekimen legala: Marco Rubio estatu-idazkariak dio sionisten urrats horrek "bake-prozesua mehatxatzen" duela eta Etxe Zuriak ez duela "inolako anexio modurik babestuko".

Era berean, Palestinako Agintaritza Nazionaleko Atzerri Ministerioak, Qatarrek, Jordaniak eta Saudi Arabiak bozketa "gaitzetsi" dute, "nazioarteko zuzenbidearen eta Nazio Batuen ebazpenen urraketa nabarmena" dela seinalatuz. Badirudi, ordea, inork ez dituela aipatutako nazioarteko arau horiek betearazi nahi, Israelek sistematikoki urratzen baititu inpunitatez.

Gainerako hiru bozketetan onartuz gero, sionisten lege berriak Palestinako Estatu bat eratzeko edozein aukera de facto amaitzea ekarriko luke, nazioarteko erakundeek gogorarazi dutenez. Gainera, Zisjordaniaren kolonizazioa atzerabiderik ez duen zerbait da: 700.000 kolono sionista baino gehiago legez kanpoko asentamenduetan bizi dira bertan eta Jerusalem Ekialdean, eta sionisten kontrola hedatzen ari da. 2024an, NBEko auzitegi nagusiak erabaki zuen Israelek Zisjordaniako lurralde palestinarrak okupatzea legez kanpokoa dela, eta berehala erretira zitezela eskatu zien indar sionistei. Netanyahuren gobernuak ez du aintzat hartu ebazpen hori, eta ez du "nazioarteko komunitatearen" aldetik benetako zigorrik jaso.

Bi estatuen aterabidearen fartsa, agerian

Sionisten legegintza-ofentsiba berri honek agerian uzten ditu nazioarteko hamaika eragile, hitzez "bi estatuen konponbidea" defendatzen duten bitartean, Zisjordania anexionatzeko planen aurrean isilik mantentzen baitira, neurri irmoak hartzea saihestuz. Zisjordanian, non erresistentzia palestinarra nagusiki zibila eta ez-armatua den, nazioarteko gobernu eta erakunde "bakezale" horiek ez dute inolako presiorik eragiten, eta horrek erakusten du isilpeko konplizitatea dutela Palestinaren erabateko kolonizazio-planekin, eta ez dutela benetako konpromisorik palestinarren erresistentzia legitimoarekiko eta asmo nazionalekiko.

EZ DAGO IRUZKINIK