Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak urtebete murriztu die kartzela-zigorra La Manada auziko bortxatzaileetako biri, Jose Angel Prendari eta Jesus Escuderori. Zigorra jaisteko eskatu zuten biek, Soilik baietz da baietz legea oinarritzat hartuta, eta arrazoi eman die auzitegiak: esan du "juridikoki behartuta" dagoela eskaera onartzera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jurisprudentzia-doktrina ezarri zuelako iaz, eraso berean parte hartu zuen Angel Bozari zigorra murriztean.
Epaileen ulerkera horrek defendatzen du, bost bortxatzaileei hamabost urteko espetxe-zigorra jarri zietenean, garai hartan markatuta zegoen zigor "minimotik" hurbil zegoelako egin zutela horrela. Soilik baietz da baietz legearen bidez, baina, urtebete jaitsi dute delitu horrengatik ezarri daitekeen zigor minimoa, eta horregatik ebazten dute hainbat epailek posible dela hainbat eta hainbat erasotzaileri bere garaian jarritako zigorrak modu berdinean gutxitzea. Lege berria indarrean sartu zenetik, 1.400 bat zigor-murrizketa izan dira erasotzaile matxistentzat.
Helegiteak aurkezteko epea zabalik dago orain, Prendari eta Escuderori dagokienez. Fiskalak begi onez ikusi du zigor-murrizketa, seinalatuz Auzitegi Gorenak "markatutako irizpidea jarraitu" behar dela. Bestalde, ordea, helegiteak jartzeko asmoa erakutsi dute akusazio partikularrak (2016ko sanferminetan bost gizonek bortxatu zuten emakumea) eta prozesu judizialean parte hartu zuten herri-ekimenek (Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua).