PSOEk eta Unidas Podemosek sedizio delitua Zigor Kodetik ezabatzea proposatu dute Espainiako Kongresuan. Delitu horretan oinarrituta zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako procés-eko bederatzi buruzagi politiko, bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe-zigorrekin. Horrez gain, Botere Judizialak Carles Puigdemont eta beste kide batzuk ere akusatuen aulkian eseri nahi ditu oraindik. Zigor Kodeko XXII. tituluan jasota dagoen sedizio delituak lau eta hamabost urte arteko espetxealdiak zehazten ditu aipatutako arau-haustea gauzatzen dutenentzat.
Legearen moldaketa ez da hor geratzen, ordea. El País egunkariak aditzera eman duenez, desordena publikoen delituaren "modalitate gogorrago bat" indarrean jar dezakete, lege proposamenak hiru eta bost urte arteko kartzela-zigorrak aurreikusten baititu "ordena publikoa larriki kaltetzeko asmoz eta taldean jardunez indarkeria- edo mehatxu-ekintzak gauzatzen dituztenentzat".
Protesten aurka
Desordena publikoen delituaren erreforma integralak Zigor Kodearen egungo 557. artikulua moldatuko luke; Espainiako Diputatuen Kongresuko iturriek azaldu dutenez, "fenomeno sozial berrietara egokitzeko". Horrekin, "bortizkeria eta mehatxuaren bidez bake publikoaren aurkako atentatuak taldean gauzatzen dituztenak" zigortuko dituzte; errepideak eta instalazioak okupatzen dituztenak, esate baterako.
Egungo 557. artikuluak sei hilabetetik hiru urte arteko zigorrak aurreikusten ditu desordena publikoen oinarrizko delituarentzat. Legebiltzarreko iturrien arabera, beste modalitate astundu bat ere jasotzen du, ordea: "Desordena publikoen delitua ordena publikoan larriki eragiteko egokiak diren ezaugarriak (kopurua, antolaketa eta helburua) dituen jendetza batek egitea, instalazioen eta zerbitzuen funtzionamendu normala oztopatuz".
Hori gutxi balitz, ez du galdegiten ordena publikoan eraginik izatea, nahikoa da "arriskuan jartze hutsa". Modalitate horretarako delituagatik zigortutako pertsonek hiru urtetik bost urte arteko kartzela-zigorra eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia jasoko lukete, aldi berean.
Aldaketa formala
Lege proposamenaren inguruko interpretazio juridiko kritikoek azpimarratu dutenez, oraindik ikusteko dago neurri berriak egungo egoerarekin alderatuta gogortze errealik ekarriko duen ala ez. Izatez, indarrean diren oinarri juridikoak jada "nahiko gogorrak" direla azpimarratzen da. Manifestazioetan, errepide mozketetan edo egoitzak masiboki hartzen direnean, "desordena publikoak" eta "autoritateari atentatua" deituriko delituak batera aplikatu ohi dira proposamen berriaren tamainako zigorrak ezarriz.
Gainera, Zigor Kodea "gauzen eta pertsonen aurkako indarkeria baliatzen den kasuetan" ezarriko da, hau da, ordena publikoa nahikoa aztoratzen ez denean eta indarkeriarik erabiltzen ez denean, 2015eko Herritarren Segurtasun Legearen 36.3 artikulua aplikatuko litzateke, Mozal Legea izenez ezagunagoa dena. Horrek isun administratibo bat ekarriko luke, indarrean den araudiarekin bezalaxe. Ondorioz, Zigor Kodearen moldaketak egun gauzatzen den praktika bati babes juridikoa emango liokeela diote interpretazio kritikoek.