GRI Castings enpresak ohar bidez jakinarazi du Zestoako (Gipuzkoa) lantokia zarratuko duela, eta, lan-erregulazioko espediente baten bidez, kalean utziko dituela han aritzen diren 61 langileak. "Ekoizpen arazo larriei" heldu die enpresako zuzendaritzak: azken zazpi urteetan galera "handiak" izan direla eta Zestoako lantegia "bideraezina" dela dio. Eolikoen sektorerako eta automoziorako piezak ekoizten ditu GRI Castingsek.
Zuzendaritzak dio atzo bildu zela sindikatuekin, eta haiei fabrikaren itxieraren inguruko xehetasunak jakinarazten ari dela jada. "Akordio egoki bat" lortzeko borondatea omen du enpresak.
Lehen beste izen bat zuen Zestoako lantokiak: TS Fundiciones. Hala ere, 2014an itxi zuten, orduan ere, ekoizpenari lotutako arrazoiak argudiatuta. 85 langile geratu ziren kalean. Handik bi urtera, 2016an, berriz ireki zuten fabrika, izen berriarekin: GRI Castings. Gestamp konpainiaren jabetzako Iraeta Windek lantegia erosi ostean izan zen irekiera.