Azken asteetan, Euskal Herrian esku hartzen ari da DesokupaCyL enpresa, hainbatetan bertaratu baita zenbait pertsona eta familia mehatxatzera, haien etxetik botatzen saiatzeko. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak urtarrilaren bukaeran jakinarazi zuen Zorrotzan (Bilbo, Bizkaia), Zornotzan (Bizkaia) eta Burtzeñan (Barakaldo, Bizkaia) hainbat pertsona etxegabetzen saiatzen ari dela desokupazio-taldea, baina beste zenbait kasu ere atera dira argitara azken orduetan.
Joan den asteartean, berriz ere Zorrotzara joan ziren DesokupaCyLeko matoiak, pisu bat partekatzen duen baina alokairu-kontratu erregularrik ez duen emakume bat kaleratu nahian ari da-eta. Asteazkenean Berangora hurbildu ziren faxistak, familia bati jazartzera; baita Barakaldora ere, egoera zaurgarrian dagoen eta hiru adingabe dituen familia bat mehatxatzera. Bertan, baina, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideekin topo egin zuten desokupek, eta alde egin behar izan zuten. Horren ostean, badirudi Bilbora itzuli zela talde parapoliziala, San Frantziskora hain zuzen ere.
Horrez gain, DesokupaCyLek berak sare sozialetan esan du Donostian (Gipuzkoa) eta Lasarten (Gipuzkoa) ere izan dela azken egunetan. Data zehatzik ez du eman, ordea; normalean, etxegabetu nahi dituzten pertsonei "bisita" egin eta gerora argitaratzen baitituzte bideoak.
Erabateko alerta antifaxista
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak alerta antifaxista aktibatu du, desokupazio-enpresaren presentzia etengabea dela-eta. Harremanetan dago DesokupaCyLen mehatxuak jasaten ari diren hainbat pertsonarekin, eta desokupei aurre egiteko prest da: horren emaitza da, esaterako, asteazkenean Barakaldon faxistak botatzea lortu izana. Larrialdi-telefono bat dauka martxan sindikatuak, desokupen jazarpena jasaten ari diren pertsonek edo kalean matoi horiek ikusten dituztenek erabil dezaten: 747 40 89 23.
Desokupazio-enpresei kontra egitera deituz eta talde horien izaera faxista azpimarratuz, mobilizazioak ere egiten ari da sindikatua: atzorako antolatu zuen elkarretaratze bat Burtzeñan, Ezkerraldeko Kontseilu Sozialistaren eskutik, eta gaur izango da mobilizazio bat Berangon, 18:00etan Gudarien Enparantzan.