AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/02/06 08:41

Desokupa faxistak kanpora lelopean, elkarretaratze bat izan zen atzo iluntzean Burtzeñan (Barakaldo, Bizkaia), frontoiaren ondoan. Izan ere, auzoko familia bat etxegabetu nahian ari da DesokupaCyL desokupazio-enpresa, eta talde faxista hori egiten ari den "matoi-lana" salatu zuten protestan.

"Kalitatezko etxebizitza doakoaren eta unibertsalaren" alde antolatzera deitu zuten manifestariek, baita desokupazio-talde parapolizialei aurre egitera ere. Ezkerraldeko Kontseilu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitu zuten kontzentraziora, eta desokupazio-enpresen jardunaz ohartarazi zuten bertan: "mehatxuaren bitartez", talde horiek "langile-klase zaurgarriaren aurka" eta "etxejabeen interesen alde" esku hartzen dute legez kanpo.

Azken asteetan, DesokupaCyL hainbatetan bertaratu da Barakaldora, familia bati jazartzeko eta mehatxuak egiteko asmoz. Asteazkenean ere Burtzeñara joan ziren matoiak, baina Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako militanteak topatu zituzten bertan, eta alde egin behar izan zuten.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak urtarrilaren amaieran egin zuen agerraldi bat Bilbon, DesokupaCyL Bizkaian hainbat pertsona etxegabetu nahian ari dela salatzeko: Barakaldon bertan, Bilboko Zorrotzan, Zornotzan... Azken egunetan, gainera, Berangora (Bizkaia), Lasartera (Gipuzkoa) eta Donostiara (Gipuzkoa) ere bertaratu da talde faxista bera, eta horiei aurre egitera deitu dute sindikatutik. Alerta-telefono bat daukate martxan, desokupen jazarpena jasaten dutenentzat edo matoiak ikusten dituztenentzat: 747 40 89 23.

EZ DAGO IRUZKINIK