Euskal Herriko zortzi preso politiko daude gose greban une honetan: Garikoitz Etxeberria, Josu Etxeberria, Dani Pastor, Mikel San Sebastian, Orkatz Gallastegi, Jon Kepa Preciado, Patxi Ruiz eta Aitor Cotano. Garikoitz Etxeberria lizartzarrak apirilaren 19an hasi zuen gose greba Zaballako (Araba) espetxean, ziega partitu behar izateari uko egitearen ondorioz, bakartuta daukatela salatzeko. Isolamenduan daukate oraindik, eta baraualdian jarraitzen du.
Joan den larunbatean, elkarretaratze bat izan zen Zaballako kartzela aurrean, Tinko antolakundeak deituta. Elkartasuna adierazi zioten Etxeberriari, eta "Euskal Herriko espetxeetan zapalkuntzak darraiela" salatu zuten.
Orain, lizartzarrarekin elkartasunez batu dira gose grebara Cotano, Ruiz, Preciado, Gallastegi, San Sebastian, Pastor eta Etxeberria. Arabako kartzelan daude gatibu Cotano, Preciado, Gallastegi, San Sebastian, Pastor eta Etxeberria, eta Iruñean (Nafarroa) daukate preso Ruiz.
Alerta Gorria irratiak jakinarazi duenez, bestalde, janariari uko egin diote Oskar Barreras eta Jon Mirena San Pedro preso politikoek ere, Etxeberriari elkartasuna adierazteko. Biak daude Basaurin (Bizkaia) preso.