AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Zamaketariak, mehatxu eta xantaiak salatzen. Argazkia: @GoyoDocker
2020/11/04 12:46

Greban diren zamaketariek "gutxieneko zerbitzurik" betetzen ez dutela argudiatuta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu Arantza Tapiak Espainiako Gobernuari eskatu dio Bilboko Portuko (Bizkaia) zamaketarien aurka jotzeko. Zehazki, Garraio Ministerioari "neurriak hartzeko" eskatu dio, grebaren ondorioz, hainbat enpresaren jarduera "arrisku larrian" egon daitekeela eta. Gainera, greba zamaketariena ez den beste eremu batzuetara zabaldu izana ere leporatu die Jaurlaritzak langileei; garraiora, esaterako. Bilboko Portuan ari diren enpresek -CSP Spain, Bergé, SLP eta Toro y Betolaza-, gainera, "legea inposatzeko" eskatu diete instituzioei.


Pertsonen eta merkantzia galkor eta arriskutsuen kasuan, %100eko "gutxieneko zerbitzuak" ezarri zituzten, eta gainerakoetan, %50ekoak. Langileek behin baino gehiagotan salatu dute gehiegizkoak direla gutxieneko zerbitzu horiek eta greba eskubidea urratzen ari zaiela, baina guztiarekin ere, ezarritakoak betetzen ari direla azaldu dute. Hainbat aldarri jarri dituzte mahai gainean urriaren 9an greba hasi zutenetik, behin-behineko langileen egoera konpontzeari, nahiz makineriari eta lan egutegiari lotutakoak.


GREBA LUZATZEKO AUKERA


Greba azaroaren 9ra arte luzatzea erabaki zuten beharginek duela bi aste. Besteak beste, enpresek "errepresaliak" hartu izana salatu zuten langileek, hain zuzen, behargin "zaurgarrienen" aurka. "De facto", behin-behineko 100 langile kaleratu egin dituztela azaldu zuten, nahiz eta portuko lan kargari aurre egiteko beharrezkoak izan. Orain, instituzioen eta enpresen jarrera ikusita, borrokaldia abenduaren 9ra arte luzatzea ere planteatu dute.