AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/05/05 10:58

Bihar, maiatzak 6, hiru hilabete beteko dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian bi langile harrapatuta geratu zirenetik, luizi baten ondorioz. Otsailaren 6an izan zen, eta oraindik desagertuta jarraitzen dute bi Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek, milaka zabor tonaren azpian.

Egun martxan jarraitzen dute bilaketa lanek, eta apirilean GEDAR LANGILE KAZETAk jasotako datuen arabera, 100 langile baino gehiago ari ziren jardun horretan, "irregulartasunekin" lan baldintzei dagokienean, batez ere, babes neurri aldetik. Hondakindegiaren beheko aldea hustu ostean, uneotan goiko aldean ari dira bi langileak bilatzen. Apirilaren 5ean aurkitu zuten Sololuzeren autoa.

Sute berri bat aurreko astean

Otsailean hainbat azterketa egin zituzten eremuan, eta emaitzek adierazi zuten dioxina eta furano ehunekoak oso altuak zirela, zenbateko arruntak baino 40 aldiz handiagoak. Antza, hondakindegian sortutako suteek eragina izan dezakete. Aurreko astean, sute berri bat piztu zen zabortegian.

Luizia gertatu eta desagertutako beharginen bilaketa hasi bezain pronto, bertan behera geratu ziren erreskatatze lanak, lurraren desegonkortasuna eta amianto arrastoak zirela-eta.

Biharko ere deialdiak

Zaldibar Argitu plataformak 5 minutuko burrunbada deitu du biharko, balkoietatik egiteko. 20:30ean jarri dute hitzordua. Plataformako kideek azaldu dutenez, hainbat eskakizun egin ditu hilabeteotan; besteak beste, desagertutako langileak topatzea, zabortegian jazotakoaren inguruko argipenak ematea, edota bilaketa lanetan ari diren langileen segurtasuna bermatzea. Dena den, Eusko Jaurlaritzak guztiei entzungor egin diela salatu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK