Erasoari ekin diote sionisten aliatuek Yemenen. Bart jakinarazi dutenez, Amerikako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko aireontziek nahiz itsasontziek hainbat eraso egin dituzte, beste hainbat potentziaren babesarekin: Kanadarena, Australiarena, Bahrainena eta Herbereena, hain zuzen ere. Ustez, Ansarullah mugimendua (horren parte dira, besteak beste, huthiak) eraso nahi izan dute, Itsaso Gorrian egiten ari den erresistentzia dela-eta.
Bost pertsona erail eta Yemengo hainbat hiritan eragin dituzte kalteak AEBen eta Erresuma Batuaren gerra-ontziek; hala nola, Saa'da, Sa'naa eta Hudeidah hirietan. Badirudi Ansarullah-ren zenbait azpiegiturari egin dietela eraso Mendebaldeko potentziek: arma biltegiak, radarrak zein misil sistemak kaltetu omen dituzte. AEBen arabera, hamasei kokalekutako 60 jomugaren kontra egin dute. Erresuma Batuak egindako azken adierazpenen arabera, Baniko postu bati eta Abbsko aireportu bati egin die eraso. Horren guztiaren erantzun modura, AEBek eta Erresuma Batuak Itsaso Gorrian dituzten hainbat ontziri eraso die Ansarullah-k.
Mendebaldeak aurretik seinalatu zuen Yemen, AEBek Oparotasunaren Zaindari izeneko operazio militarra iragarri zutenean eta Europar Batasuna horren eskutik joan zenean, Atlanta misioa martxan jarrita. Azken hilabeteetan, eta sionistak Gazako Zerrendan egiten ari diren sarraskiari erantzunez, Itsaso Gorria hegoaldetik zeharkatzen ari ziren hainbat ontziri eraso die Ansarullah-k; esaterako, sionisten ontziei. Eraso horiek direla-eta, bide hori erabiltzeari utzi diote Mendebaldeko ontzi ugarik, eta kolokan jarri dute hain erabilia den komertzio-bidea. Hori guztia ikusita hasi dute oldarraldi militarra sionisten Mendebaldeko aliatuek.
AEBek duela ordu gutxi argitaratutako komunikatuaren arabera, gobernuak ez du baztertzen Yemenen "zuzeneko neurri" gehiago hartzea, aitzakiatzat hartuta "gure jendea eta komertzioaren zirkulazio askea babestea". Huthiek plazaratutako adierazpenak dio bart 73 eraso egin dituztela Yemenen estatubatuarrek eta britainiarrek, eta sionistak Gazan egiten ari diren "krimenaren jarraipenari emandako babesaren parte" dela hori.