AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/14 18:02

Apirilaren 21ean izango dira EAEko hauteskundeak, eta, horren harira, kanpaina-ekimenak egiten jarraitzen du Vox alderdi faxistak ere. Asteburu honetan, esaterako, Algortan (Bizkaia), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Tolosan (Gipuzkoa) izan dira, baina ez erantzunik sortu gabe: faxisten kontra protesta egitera atera dira kalera hainbat eta hainbat pertsona.

Kargak Algortan

Atzorako, larunbaterako, Algortan zeukan antolatuta ekitaldi bat Voxek. Eguerdirako egin zuen deialdia, baina goizerako joan zen Ertzaintza, Aldapa Plaza ixteko eta faxistak babesteko lanei ekiteko. Dena den, dozenaka pertsona bertaratu ziren eguerdian, faxisten kontra protesta egiteko asmoz. Hainbat bizilagunek pertsianak zarratu zituzten, protesta gisa.

Faxisten aurka mobilizatutako pertsonei oldartu zitzaien Ertzaintza, borra-kolpeka besteak beste; hainbat zauritu izan ziren. Protesta egiten ari zen lagun bat, gainera, atxilo eraman zuen Poliziak, agintearen kontrako atentatua egitea leporatuta. Beste bi pertsona ere inputatu zituzten, antza, Segurtasun Legea urratzea egotzita.

Faxismoaren aurka tinko Azpeitian eta Tolosan ere

Gaur, igandean, Azpeitian eta Tolosan izan dira Voxeko faxistak. Atzo jakinarazi zuten gaur joango zirela Azpeitiko plaza nagusira, informazio-mahai batekin. Eguerdian agertu dira hara, ertzainek lagunduta, baina oihu artean hartu dituzte dozenaka lagunek: "faxistak kanpora!" oihu artean, hain zuzen ere. Mahaia jarri dute kalean Voxekoek, baina bertatik botatzea lortu dute protestan zeudenek: azkenean, faxismoaren kontrako aldarri ozenak entzunez egin behar izan dute alde Voxeko kideek; eta Ertzaintzak babestuta, berriz ere.

Tolosan, bestalde, arratsaldean omen ziren bertaratzekoak Voxekoak. 17:00etan Plaza Zaharrean egongo zirela esan zuten sare sozialen bidez, eta, ordu horretarako, hainbat pertsona zeuden bertan, faxisten aurka protesta egiteko. Azkenean, ez da faxistarik azaldu haiek jarritako hitzordura. Hala ere, Gipuzkoako Voxek sare sozialetan argitaratu duenez, propaganda faxista egin dute herrian egunean zehar: "Tolosa garbitzen eta apaintzen" ari zirela esan dute.

Argazkiak: GEDAR LANGILE KAZETA eta Hiruka

EZ DAGO IRUZKINIK