Voxek barne-purga berri bat egin du. Javier Ortega Smith, eskuin muturreko alderdiaren sortzaile eta aurpegi nabarmenetako bat, Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramailetzatik baztertu dute eta diputatu soil bihurtu dute. Bere ordez, zuzendaritzak Carlos Hernandez Quero izendatu du bozeramaile-laguntzaile. Malagako hautetsia eta estatu mailako Etxebizitza arduraduna da, Jose Maria Figaredorekin eta Maria Ruizekin batera. Aldaketak aldaketa, Pepa Millanek jarraituko du alderdiko bozeramaile nagusia izaten.
Voxen komunikatu ofiziala jaso du elDiario.es-ek, eta bertan, alderdiak aldaketa justifikatu du esanez Hernandez Quero izango dela "espainiarrei eragiten dien arazo nagusietako baten [etxebizitza] bozgorailu". Baina erreleboak pisu politikoa du horrez gain, etxebizitzari buruzko diskurtsoaren kudeaketatik haratago doana. Izan ere, azken mugimenduekin, Abascalek Voxeko sektore ideologizatu eta filofaxistenaren boterea indartu du, Ortega Smithek edo Espinosa de los Monterosek ordezkatuko luketen fundazio-gune zaharraren kalterako. Analista batzuek adierazi izan dute "liberalena" dela ahuldutako sektore hori.
Hernandez Quero: falangismotik gertu dagoen belaunaldi berria
Carlos Hernandez Quero Madrilen jaio zen 1990ean eta Historia Garaikidean doktorea da Unibertsitate Konplutentsean. Bere tesi akademikoan (Intelectuales y fascismo en la España anterior a la Guerra Civil, 2013) espainiar faxismoaren egileen pentsamendua aztertu zuen, eta bere ondorioetan ikuspegi errebisionista erabili zuen. Hainbat analistak faxismo historikoarekiko irakurketa bihozbera gisa seinalatu zuten lana, Desmontando a Vox blogaren esanetan.
Antonio Lopez Vegak zuzendu zuen azterketa, HazteOír-engandik gertu dauden hedabideekin elkarlanean jardun izan duen katedradunak alegia. Besteak beste, Ramiro Ledesma Ramos bezalako figurak goraipatzen ditu lanak eta faxismoa "salbatzeko morala" fenomeno kultural gisa aipatzen du. Desmontando a Vox-ek gaineratu du, bestalde, Hernandez Querok loturak dituela Disenso Fundazioarekin. Voxen ideia-laborategia da elkarte hori, eta bere sorreratik bost milioi euro baino gehiago jaso ditu, horren zati bat diru publikotik.