AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/09 09:49

Iraila hastearekin batera berrartu dituzte lanuzteak Iruñerriko (Nafarroa) hiri-garraioko langileek, lan-baldintzak hobetzeko borrokan. Gaur egin dute lehenengo geraldia villavesetako gidariek, 06:00etatik 08:30era bitartean, eta hilaren 11n izango da asteko bigarren protesta, ordu berean. Hurrengo lanuzteak irailaren 15ean, 17an, 19an, 22an, 24an eta 26an izango dira, denbora-tarte horretan beti ere.

Gaurkoan, erantzun zabala izan du deialdiak: langile-batzordearen arabera, autobus-linea egonkorretako langileen %93k egin dute bat lanuztearekin, eta garraio-zerbitzua desnormalizatzea lortu dute. TCC Moventis enpresarentzat jarduten dute gidariek, eta bertako langile-batzordeak nabarmendu duenez, gaurko arrakastak erakusten du plantillan "konpromisoa" eta "batasuna" direla nagusi.

Aipaturiko lanuzteez gain, beharginek protesta bat egingo dute ostiral honetan, hilaren 12an. 10:00etan izango da, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza aurrean. Langileek hilabeteak daramatzate lan-baldintzak hobetzeko borrokan, eta bai TCC Moventis bai Iruñerriko Mankomunitatea seinalatu izan dituzte negoziazioa eta hobekuntza posibleak blokeatzeagatik. 

Sanferminetan izan ziren villavesetako gidarien azken lanuzteak, jaietako joan-etorrien 522 gelditzea lortu baitzuten orduan. Horren ondoren jakinarazi zuten "eskubideen aldeko mobilizazioekin jarraitzea" zela euren hautua, eta lanuzteei eta protestei ekingo zietela berriz irailean. Euren eskaeren artean daude 2008tik galdutako soldataren %5,38 berreskuratzea, soldatak KPIaren arabera eguneratzea, lanaldia murriztea, gaueko eta jaiegunetako bajak eta plusak hobetzea eta 2023an iraungitako hitzarmen kolektiboa berritzea, besteak beste.

Nafarroako Lan-Arloko Epaitegiaren azken proposamena ez da nahikoa

Langile-batzordeak azaldu du Nafarroako Lan-Arloko Epaitegiak negoziazioan egin duen azken eskaintza ez dela "nahikoa". Horrekin batera, hainbatetan egin bezala, TCC Moventisen "estrategia ez oso etikoa" salatu dute: "Behin-behineko langileengan sostengatzen ari da, grebaren eragina murrizten saiatzeko. Praktika hori, hain zuzen ere, plantillaren zatirik zaurgarrienaren gain erortzen da".

EZ DAGO IRUZKINIK