AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/14 17:28

Ertzaintzak hainbat pertsonari mehatxu egin eta jazarri zien Villabonan (Gipuzkoa) urtarrilaren 2an. Gertakari horien berri emateko oharra kaleratu du Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak.

Azaldu duenez, iluntzeko 19:30ak aldera, Ertzaintzaren sei patruila bertaratu ziren Villabonako Kale Nagusira, "jarrera oldarkorrarekin". Halaber, hango bi tabernatan zeuden hainbat pertsona jarri zituzten hormaren kontra, "justifikatutako azalpenik eman gabe". Identifikatu egin zituzten gero, eta dozenaka isun-proposamen ireki zituzten haien aurka ertzainek.

Kriminalizazio saiakerak

Poliziaren jazarpenaz gain, "gazteak kriminalizatzeko saiakera" guztiak salatu ditu Tolosaldeko GKSk. Izan ere, duela egun gutxi plazaratu zuen ohar bat Amasa-Villabonako EAJren udal taldeak: "Birusak eragindako hildako, gaixotu eta, orokorrean, kalteak Kale Nagusian zeuden horien ardurapean jartzen saiatu dira", gaitzetsi dute GKSko kideek. Haien esanetan, egoera horren ardura inori esleitzekotan, "irabaziak lehenetsi dituzten kapitalistak eta horien zerbitzura pandemia kudeatzen duten gobernuak seinalatu behar dira".

Bestalde, aipatutako gertakarien aurrean herriko udal gobernuak –EH Bildu buru duena– erakutsitako utzikeria jarri du auzitan Tolosaldeko GKSk. Alkateak berriki adierazi du ez duela zeresanik.

Autoritarismoa

Amaitzeko, Villabonan gertatutakoa "testuinguru politiko eta sozialean kokatu" nahi izan dute GKSko kideek. Salbuespen eta krisi egoerarekin "boterearen arbitrariotasuna eta autoritarismoa indartu" direla nabarmendu dute eta, horren ondorioz, "langile klaseko gazteen aurkako polizia-indarkeria areagotu" dela.

Egoera horiei eta, orokorrean, "gazte langileen babesgabetasun egoerari aurre egiteko", "antolakuntza politikoaren bidez, askatasunaren eta eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka" berretsi dute.

EZ DAGO IRUZKINIK