AEBetako presidente Donald Trumpek, Venezuelara indarrez sartu ostean, bertako baliabide naturaletarako "erabateko sarbidea" eskatu dio Delcy Rodriguez buruzagi berriari, petrolioari erreferentzia eginez bereziki. Monroe Doktrina berri bat aldarrikatu du Trumpek, Donroe Doktrina izena emanez. "Hemisferioa gurea da", esan du, eta "AEBen berezko eskubide" gisa justifikatu du Latinoamerikan egindako azken esku-hartzea.
Mar-a-Lagotik Etxe Zurira bidean egindako adierazpenetan eta The Atlantic-i eskainitako elkarrizketan, bere eskakizunak zehaztu zituen AEBetako buruak: "Erabateko sarbidea behar dugu petroliora eta herrialdean dauden beste gauza batzuetara, hura berreraikitzeko". AEBetako presidenteak jakinarazi du komunikazio-bideak dituela zabalik Rodriguezekin. Maduroren bahiketaren ostean, Justizia Auzitegi Nagusiak bera izendatu du "presidente arduradun". Hala ere, Rodriguezek "zuzen jokatzen ez badu", Madurorena baino etorkizun "okerragoa" izango duela ohartarazi du Trumpek.
AEBek aipatzen zituzten ustezko "preso politiko" venezuelarrak bigarren mailan geratu dira: "Ez gara horretara iritsi. Oraintxe bertan petrolioa konpondu nahi dugu, herrialdea konpondu, bueltan ekarri eta, orduan, hauteskundeak egin", zioen presidenteak. Momentuz, beraz, bazterturik dago Venezuelan hauteskundeak izateko aukera, eta AEBen kontrolpean daude hurrengo pausoak.
Donroe Doktrinak 1823ko Monroe printzipioa berpizten du, alegia, "Amerika amerikarrentzat" (AEBak bezala ulertuta) ideia Trumpen garaira egokitzen du. Analista batzuek interbentzionismo zuzenera itzulera ikusten dute adierazpen horietan, edozein subiranotasun mota eta nazioarteko zuzenbide deritzona alde batera utzita. Maduroren aurkako operazioa, 80 biktima baino gehiagorekin, eraso inperialista bezala kondenatu dute Latinoamerikako hainbat gobernuk, Errusiak, Txinak eta abarrek.