AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ABC
2025/01/10 16:13

Kolonbiako muga aldi baterako ixtea agindu du Venezuelako Gobernuak. Datorren astelehenera arte egongo da zarratuta, Freddy Bernal Tachirako gobernadoreak iragarri duenez. Nicolas Maduro presidentearen aginduz hartutako erabakia "bakea nahasteko nazioarteko konspirazio" baten ondorio da, presidentearen agintaldi berriaren kargu-hartzearen harira. Itxiera ostiral honetan sartu da indarrean, hango 05:00etan, eta egunero herrialde batetik bestera igarotzen direnei eragiten die bereziki. Venezuela eta Kolonbia banatzen dituen muga da, hain zuzen ere, eskualdean jende gehien ibiltzen denetako bat, funtsezko puntua baita bi nazioen arteko eguneroko mugikortasunerako eta merkataritzarako.

Bernalek ziurtatu du agintariek "estatuaren erabateko kontrola" dutela oraindik, eta "mugako eskualdean herritarren lasaitasuna bermatzeko" lanean ari direla. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean, neurriak kaltetuko dituen pertsonei dei egin die erabakia ulertzera, eta nabarmendu du esku-hartzearen bidez "ordena publikoaren balizko aldaketak prebenitzea" dela gobernuaren asmoa. Kolonbiako Migrazioak ohartarazi zuen, aurrez, aukera bat zela muga zarratzea, Caracaseko presidentetza-ekitaldiaren testuinguruan; batez ere, Edmundo Gonzalez "oposiziogilea" herrialdean sartzen saia zitekeela ikusita.

Mugaren itxiera tentsio politiko handiko testuinguru batean gertatu da Venezuelan, besteak beste, Maria Corina Machadoren oposizioak markatuta. Hark gidatu zuen manifestazio bat ostegunean Caracasen, "gobernu autoritariotzat" jo zuenaren aurka eta Gonzalezen alde. Bere taldeak horren ostean esan zuen, X sare sozialaren bidez, "ordubetez baino gehiagoz atxikirik" izan zutela Machado gobernuko indarrek: adierazi zuten "geldiarazi" egin zutela eta, "aske utzi aurretik, bideo batzuk grabatzera behartu" zutela. "Oposiziogileak" handik denbora batera azaldu zuen "toki seguru" batean zegoela, eta, ustez, berriz agertu zen Caracasen.

Nicolas Maduroren gobernuak eta Diosdado Cabello Barne ministroak ez dituzte akusazio horiek onartu, eta gobernuaren aurkako mobilizazioek izandako "porrota" ezkutatzeko "estrategiatzat" jo dute Machadok eta bere taldeak kontakizun hori zabaldu izana. Izan ere, presidentearen kargu-hartzearen bezperan sare sozialetan zabaldutako protestetako irudietan, ez da jende asko ikusten "oposizioaren" protestetan. Salaketa horiek Venezuelako ultraeskuinaren "gezurren" parte direla iritzi dio Cabellok, eta "chavismoak herrialdearen kontrol politikoa eta soziala" mantentzen duela berretsi du.

Venezuelako krisi politikoak herrialdea polarizatzen jarraitzen du. Gobernuaren kontrako protestek venezuelar batzuk mobilizatu dituzten bitartean, nazioarteko erakundeak eta Latinoamerikako buruzagi politikoak kezkatuta azaldu dira tentsioen gorakadagatik. Edmundo Gonzalezek presidentetza aldarrikatzen jarraitzen du, eta nazioartearen babesa eskertzeaz gain, seinalatu du venezuelarrek "beldurrik ez" dutela. Hala ere, ziurgabetasunak markatuta segitzen du egoerak, akusazio gurutzatuen artean.

EZ DAGO IRUZKINIK