AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / GUKA
2024/06/28 11:59

Uztailaren 19an hustu nahi dute Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxea. Urtarrilaren 24an izan zen Gaztetxearen aurkako epaiketa, eta handik egun gutxira eman zuten ebazpenaren berri Zestoako Gazte Asanbladako kideek: Gaztetxearen kontrakoa izan zen, gazteek birjabetutako espazioa husteko agindua eman baitzuen epaileak. Data zehatzik ez zuen jarri, baina epaitegiek berriki zehaztu dute noizko ezarri duten desalojoa: datorren uztailaren 19rako.

Gazte Asanbladak agerraldi baten bidez eman zuen horren berri, atzo bertan. "Gaztetxea bizirik egon den urte eta erdi honetan, ekimen desberdinak egiteko aukera izan dugu bertan eta handia izan da herriko gazteongan piztu duen ilusioa", esan zuten. Eskerrak eman zizkieten denbora horretan guztian espaziora bertaratu diren pertsona guztiei, eta uztailaren 19an Gaztetxea defendatzera deitu zituzten. Izan ere, asanbladako kideek argi adierazi zuten "Gaztetxea defendatzeko asmoa" daukatela, "proiektu honen bideragarritasuna garbi geratu delako espazioa geureganatu genuenetik".

Bi urte Gaztetxea lekualdatzeko eta indartzeko borrokan

Gazteek gogorarazi dute duela bi urte hasi zela Gaztetxea Zentrora tokialdatzeko prozesua. "Udala izan zen Gaztetxea lekuz aldatzeko lehen interesatua, egun dagoen espaziora ekartzeko", azaldu dute: "Gazte Asanbladari lehen momentutik erakutsi zion Elizarekin espazioa negoziatzeko interesa". Asanbladako kideen esanetan, "Gaztetxe zaharrak dituen azpiegitura-mugez jakitun", begi onez ikusi zuten proposamen hori, eta bi aldeen artean hitz egiteko bilerak hasi ziren.

"Asanbladaren eta udalaren artean egindako bileretatik ondorioztatu zen espazioa geure kabuz hartu behar genuela, hori izango zelako udalak Elizarekin negozia zezan lehen pausoa", oroitarazi dute. Baina gero, asanbladak urrats hori egin eta garaian Elizondo eraikina izandakoa birjabetu zuenean (2023ko otsailean eman zuen okupazioaren berri), udalak ez zuen erakutsi "borondate errealik promesa hori betetzeko" eta Elizarekin negoziatzeko, Gaztetxe berria Zentroan mantendu eta egonkortu ahal izateko.

"Denbora honetan ikusi da, bai udalak eta bai Elizak, Gazte Asanblada prozesu honetatik kanpo utzi nahi izan dutela", seinalatu dute gazteek. Dena den, askotariko ekimenak antolatu dituzte Gaztetxe berrian 2023ko otsailetik hona: hitzaldiak, oinarrizko elikagaien biltegia, haurrentzako ekintzak, festetako eskaintza, kontzertuak… "Erakutsi da Zentroko Gaztetxea beharrezkoa eta funtzionala dela herrira begira ekimen desberdinak egiteko, eta hori ondoriozta daiteke herritarrengandik jaso duen babes zabala ikusita", aldarrikatu dute.

Apostasia kolektiboa: Euskal Herrian izan den handiena

Zestoako Gaztetxearen aldeko borrokaren barruan, eta ikusita hura husteko prozedura martxan jarri zuela Elizak, apostasia kolektibo handi bat izan da Euskal Herri osoan azken urtean. Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak urtarrilean emandako datuen arabera, orduan, 700 ziren denera bildutako apostasia eskaerak, Gaztetxearen alde. Euskal Herrian inoiz izan den apostasia kolektiborik handiena izan da, beraz.

"Kanpaina horrekin Elizari negoziatzera eser zedin eskatu nahi izan zitzaion, bai eta irekita zegoen prozedura judiziala bertan behera utz zezala ere", nabarmendu dute asanbladako kideek. Kanpainak "babes zabala" izan zuela diote, baina, hala ere, Elizak oztopoak jarri dituela apostasia eskaera horiek guztiak onartzeko eta gauzatzeko, argudiatuta ez zela "beharrezko prozedura betetzen".

6.500 euroko kalte-ordainak

Gaztetxearen aurkako epaiaren barruan, desalojoaz gain zigor ekonomikoak egotea aukera bat zen, eta hala izan da: Gazte Asanbladak joan den maiatzean salatu zuen 6.500 euroko "kalte-ordainak" ordainaraziko dizkietela prozesu judizialean seinalatutako pertsonei, Zentroaren birjabetzearen harira.

EZ DAGO IRUZKINIK