AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Getty Images
2024/10/07 08:59

Urriaren 7a da gaur, Palestinako erresistentziaren altxamenduaren urteurrena. Urtebete igaro da palestinar milizianoek Gazan kontraerasora jo zutenetik, aspaldian ikusi gabeko gaitasun bat erakutsita. Kolpe horri sekulako oldarraldi militar bat hasita erantzun zion Israelgo Estatuak, eta ondorioak katastrofikoak izaten ari dira: azken urtean, 75.000 tona lehergai baino gehiago jaurti ditu Gazako Zerrendan.

Zifra ofizialen arabera, sionistek 41.000 palestinar baino gehiago erail dituzte Gazan azken urtean, baina izugarriak (eta itxuraz errealagoak) dira zenbait iturrik aipatzen dituzten beste datu batzuk. The Lancet aldizkariaren esanetan, 186.000 izan daitezke egiaz eraildakoak, zauriek edo goseak hildako guztiak kontuan hartuz gero. Besteak beste, Gazako bide eta errepide guztien %68 suntsitu ditu armada sionistak, bai eta ospitale guztien erdia ere; hamazazpi osotara, zeuden 36 zentroetatik.

Zisjordanian ere erasoak areagotu ditu Israelgo Estatuak, eta 1.000 inguru izan daitezke bertan hildakoak. Zisjordaniako lurretan, gainera, 30 kolonia berri ezarri dituzte sionistek, eta teorian palestinarren kontrolpekoak diren hiriguneetan sartu dira: sarekada erraldoiak egin dituzte militarrek, eta askotariko eraikinak suntsitu dituzte.

Palestinar erresistentzia, zutik

Urtebeteko sarraskiaren ondoren, baina, Palestinako erresistentziak tinko jarraitzen du proiektu sionistari eta bere indarrei aurre egiten. Baieztatu gabeko hainbat iturrik ulertzera eman dute milizianoak bueltan direla, besteak beste, Rafah, Khan Yunis eta Gaza hegoaldean. Itxura denez, erresistentziak martxan eta eraginkor jarraitzen du Gazaren barrenean, eta sionisten azpiegiturei eta baliabideei eraso egiten segitzen du, haiek okupatutako lurretan.

Komunikabide israeldarrek esan dute, adibidez, Gazatik suziri bidezko eraso bat egin dutela oraintsu, eta hura geratzeko saiakeran porrot egin duela Israelek. Tel Avivera ere berriki bota dituzte hainbat suziri Khan Yunisetik zein Gazatik, antza. Armada sionistak berak aitortu duenez, irismen luzeko dozenaka misil dituzte oraindik Palestinako milizianoek.

Zenbait palestinar brigadak, bestalde, frankotiratzaile baten bidez eraso diote soldadu sionista bati Jabaliyan, Gazako Zerrenda iparraldean.

Sionisten etengabeko erasoak Gazan

Israelgo Estatuak Libano edota Siria ere bonbardatzen dituen bitartean, erasoak mantentzen ditu Gazako Zerrendan. Joan den asteburuan 50 eraso baino gehiago egin ditu Gaza iparraldean, jomuga nagusia palestinarren etxebizitza-blokeak izanda. Gaza erdialdean ere jarraitzen du haiek sarraskitzen: berriki bonbardatu du, esaterako, Deir al Balah.

EZ DAGO IRUZKINIK