AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2021/02/17 17:36

Iruñeko (Nafarroa) Sephora enpresa multinazionaleko langileek urte oso bat egin dute lan-baldintzak hobetzearen aldeko borrokan. Joan den urteko otsailaren 6tik astean hiru egunez greba egiten ari diren arren, enpresak ez du negoziaziorako asmorik adierazi. Hala eta guztiz ere, emakume langileek ez dute amore ematen.

"Gurea sektore feminizatua da, eta horrek dakar gu aintzat ez hartzea", kexu dira beharginak. Izatez, 2019ko Martxoaren 8ko greba feministaren harira sortu ziren soldatapekoen eta enpresaren arteko lehen gatazkak. Greba egin nahi zuten langileek "arazoak" izan zituztela salatu zuten, enpresak ezbaian jarri baitzuen haien greba eskubidea. 

Borrokaren sorburua

Ezezkoaren aurrean, langileek grebara jo behar izan zuten iragan otsailean. Hiru aldarrikapen mahaigaineratu zituzten, egun zutik dirautenak: "lan-hitzarmen propio eta duina", "soldatak hobetzea" eta "behin-behinekotasuna eta ordutegien malgutasuna murriztea".

Auzitara

Enpresak epaitegietara jo zuen, "greba egun bakoitzeko 8.000 euroko kalte ordaina" galdeginez langileei, eta hori ez ezik, jazarpen sindikala ere abiatu zuen haien aurka, langileen ordezkariei "konpainia ez kritikatzea" exijitu baitzien Sephorak, ohar bidez. Uztailaren 17an izan zen epaiketa, eta epaileek beharginen grebarako eskubidea aitortu zuten.

Enpresak bere horretan jarraitu zuen dena den, helegitea aurkeztuz. Auzia argia izan zen beste behin: greba egitea ez da delitua.  Bide legala agortuta, enpresak zigor irregularretara jo zuen, grebalariei soldata hamasei egunez etenda. Lan-baldintzak salatzeko zabaldu zuten bideo baten ostean izan zuten haien aurkako zigorraren berri. "Enpresaren kezka nagusia bere irudi publikoa da. Ez dute kritikarik nahi jendaurrean", azaldu izan dute behargin iruindarrek.