AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/24 09:15

Eusko Jaurlaritzaren arabera, gora egin dute indarkeria matxistarekin lotuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan diren delituek. 2022ko urtarriletik irailera bitartean, mota horretako 4.591 delituren berri izan dute ertzainek; hortaz, iazko denbora-tarte berdinean baino %14,6 kasu gehiago erregistratu dituzte. Aurten, irailera bitartean, 3.696 emakumek jasan dituzte indarkeria delitu horiek; iaz baino %13,2 gehiago dira biktimak.

Kasu gehienetan (3.227), bikotekideek edo bikotekide ohiek eraso diete emakume horiei. Tratu txar fisikoak, irainak, lesioak, mehatxuak eta jazarpena izan dira sarrien salatu diren delituak. Seinalatu dute, bestalde, asko igo direla "sexu-askatasunaren aurkako delituak" direlakoak. Irailera arte, 397 kasu izan dira aurten, iaz baino %27,2 gehiago; 312 kasuren berri izan zuten 2021eko denbora-tarte berdinean.

Gainera, aurten lau gizonezko saiatu dira beren bikotekideak edo bikotekide ohiak erailtzen, 2021ean bezainbeste. Joan den ekainean, bestalde, 90 urteko emakume bat hil zuen bere semeak.

Oraingoz Bizkaian erregistratu dira indarkeria matxistarekin lotutako delitu gehien, 2.375, eta %10eko igoera bat izan da iazko datuekin konparatuta. Gipuzkoan atzeman daiteke, dena den, hazkunderik handiena; aurten 1.518 kasu ezagutu dira oraingoz, iaz baino %20 gehiago. Araban, berriz, 698 delitu jaso dituzte, 2021eko denbora-tarte berdinean baino %16 gehiago.

EZ DAGO IRUZKINIK