Joan den urtarrilak, emakumeen aurkako indarkeriagatiko 565 salaketa utzi ditu guztira EAEn, hau da, egunean hemezortzi kasu, batez beste. Emakunderen datuen arabera, kopuru horrek iazko erregistro bertsua utzi du, 2024ko urtarrilean 573 salaketa jarri baitziren.
Lurraldeka, Bizkaian 289 salaketa izan ziren urtarrilean indarkeria matxistagatik, %9,9ko igoerarekin 2024ko urtarrileko datuekin alderatuta. Aldiz, Gipuzkoan 176 salaketa erregistratu zituzten, aurreko urteko epe berean baino %16 gutxiago. Araban, berriz, zifrak berdin mantendu dira azken bi urteetan, 100 kasu ofizialekin.
Bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoengatiko salaketak antzeko mantendu dira iazko urtarriletik, 412tik 403ra jaitsiz. "Sexu-askatasunaren aurkako" erasoak ere bere horretan dira salaketei dagokienez, 56 kasurekin 2024ko nahiz 2025eko urtarrilean. "Familia barruko" indarkeriatzat jotzen dena, baina, zertxobait hazi da: iazko urtarrileko 104 salaketetatik 106ra igaro dira aurtengoan.
Hazkunderik nabarmenena izan duten erasoak aztertzen badira, ikus daiteke Bizkaian ia hirukoiztu egin direla "sexu-askatasunaren aurkakoak": iazko urtarrilean hamahiru izatetik, aurtengoan 39 izatera pasatu dira. Gainera, lurralde berean, "familia barruko" indarkeria kasuak %11,7 hazi dira (51 iaz eta 57 aurten). Araban, bestalde, bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak %8,3 igo dira, 78 erasotara iritsi arte; eta Gipuzkoan, "familia barruko" indarkeriarengatiko salaketek %3 egin dute gora.