AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/12 11:11

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Bilbon egin du agerraldi bat gaur goizean, urtarrilerako mobilizazio-deialdi bat egiteko: urtarrilaren 31n, manifestazio bana egingo du Bilbon bertan eta Iruñean, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren kontra. "Beharrezkoa eta urgentziazkoa da susperraldi antifaxista bat egotea berau indarra hartzen ari den toki guztietan, eta Euskal Herritik norabide horretan ekarpen bat egin behar dugu. Horixe da urtarrileko manifestazioen bitartez lortu nahi duguna", azaldu du GKSk.

Lehentasun bezala markatu du "ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egitea", eta horretarako, datozen asteetan kaleak aldarriz beteko dituela eta urtarrilaren 31n kaleak hartuko dituela iragarri du.

"Euskal Herrian faxismoari gauzak erraz utziko ez dizkion indar handi bat dagoela erakutsi behar dugu, eta horretarako garrantzitsua da ahalik eta gazte langile gehien mobilizatzea", nabarmendu du. Izan ere, kezkaz seinalatu du nola "faxismoaren aurkako borrokak indarrik ez duen eta estatuen autoritarismoaren aurkako ikuspegia txertatuta ez dagoen tokietan, normalizatzen eta indartzen" ari den ikuspegi faxista, eta ezinbestekotzat jo du, beraz, "Euskal Herrian faxismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren aurkako kontzientzia indartzea, datorren tokitik datorrela".

Faxismoa gora adierazpen guztietan, baita Euskal Herrian ere

GKSk ohartarazi du faxismoa indarra hartzen ari dela Europa osoan, eta horren isla dela alderdi politiko faxisten gorakada hamaika herrialdetan. Iritzi dio, hala ere, "eremu parlamentariotik haratago" doala auzia, bestelako "antolakunde ideologiko faxistak sortzen eta indartzen" ari direlako Mendebaldean eta "kale-mailako talde biolentoak ere ugaritzen" ari direlako.

Gainera, gogoan du Euskal Herria ez dagoela "joera horietatik kanpo": "Orain arte beste leku batzuetan baino zarata txikiagoarekin bada ere, euskal nortasunaren izenean aritzen den faxismoa agertzen ari da, bai sare sozialetan baita kaleetako hormetan ere, eta mezu arrazista, supremazista edota matxisten eroale da".

Faxismoaren aurkako kontzientzia hedatzeko beharra

Gazte-antolakundeak azaldu du, bestalde, "bere burua sistemarekiko alternatiba bezala saltzen" saiatzen dela faxismoa, eta horren aurka, datozen hilabeteetan argi seinalatuko duela "hori ez dela horrela" eta faxismoa ez dela "alternatiba langile-klasearentzako". Gogorarazi du "langile-klasearen, herri zapalduen eta, oro har, koletibo minorizatuen aurkako gorroto-ideologia" bat dela faxismoa, eta "ideia matxistak, arrazistak, supremazistak, ultranazionalistak, gerrazale eta inperialistak eta, oro har, klasistak zein baztertzaileak" barne hartzen dituela.

GKSk, hala, uste du beharrezkoa dela faxismoaren kontrako borroka "kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako eta langileen bizi-baldintzen aldeko agendarekin lotzea". Funtsezkotzat hartu du, gainera, "langile-klaseak faxismoaren aurkako kontzientzia garatzea" eta "zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren aldeko borrokarekin bat egitea".

Estatu autoritariorantz: Mendebaldeko oligarkiak eta faxismoa eskutik

Bestalde, GKSk azpimarratu du faxismoaren gorakada ez dela "fenomeno iragankor" bat, "Europa gainbeheran dagoen eta gerra-testuingurua intentsifikatzen doan honetan, oligarkia atlantistak faxismoaren aldeko apustua egin" duelako, eta "AEBetako eta Europako oligarkia berau sustatzen" ari delako.

"Bera da alderdi elektoral eta think tank ultraeskuindarrak, komunikabide erreakzionarioak eta talde faxistak finantzatzen ari dena", salatu du antolakundeak; oroitaraziz, horrekin batera, "estatuak norabide autoritario batean erreformatu" nahi dituela Mendebaldeko oligarkia horrek. Eta, "prozesu horretan, faxismoak funtzio estrategikoa betetzen du", GKSren esanetan.

"Biek ala biek estatu autoritarioa defendatzen dute, hau da, langileon eskubide kolektiboak ezeztatuko dituen estatua, polizia-indarrek botere eta inpunitate handiagoa edukiko duten estatua, eta erabat militarizatutako estatua", laburbildu du: "Eraldaketa hori Europa osoan gertatzen ari da, alderdi politiko liberal zein sozialdemokraten eskutik, eta faxismoak muturreraino eramango du prozesu hori".

Horiek horrela, urtarrilaren 31ko manifestazioek estatuen autoritarismoaren eta faxismoaren aurkako borrokari bultzada ematea nahi du GKSk, eta mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu gazte langileak.

EZ DAGO IRUZKINIK