Urtea amaitzear den honetan, datorren urtarrilerako mobilizazio deialdi bat egin du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS): gerraren eta faxismoaren kontra, manifestazioak antolatu ditu urtarrilaren 25erako, Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa). Izan ere, nabarmendu du "mundu mailako gizarte kapitalistak bi arazo larri" sortu dituela, "langile-klasearentzako arazo larrienetakoak" direnak "Mendebaldeko estatu guztietan": "gerraren mehatxua" eta "faxismo berri baten zabalpena". Horrek guztiak Euskal Herrian hartu duen garrantziari egin dio azpimarra GKSk, eta beharrezkotzat jo du mobilizatzea. Deialdiak aurkezteko agerraldi jendetsu bat egin du gaur goizean.
Mendebaldeko agintariek gerrara eta pobreziara garamatzate
Mugimendu Sozialistako gazte-antolakundeak berriz seinalatu du "gerraren aldeko apustua" egin dutela Mendebaldeko agintariek: "Agenda belizistaren bitartez, oligarkia atlantistak bere hegemonia ekonomikoa eta militarra mantendu nahi du, eta kapitalisten arteko gerran langileok jartzen ditugu gorpuak".
Ukrainako gerrari lotuta izan diren azken gertakariek, gainera, "gerraren mehatxua handitu" dutelakoan dago GKS, eta biziagotu egin dela "Europar Batasunaren barruko zein eskala handiko gerra baterako arriskua". Oligarkia atlantistaren agenda honela ezaugarritu du hain justu: batetik, "aurrekontu militarrak handitzea, armagintza industria indartzea eta estatuak militarizatzea"; eta, bestetik, "osasungintza, hezkuntza eta prestazio sozialak murriztea", "eskubide zibilak eta politikoak urratzea", eta "langileon soldatei eraso egitea". Eta antolakundeak salatu du alderdi politiko guztiak ari direla "agenda hori aurrera eramaten", "ezker instituzionala barne".
Faxismoa gora, bere adierazpen guztietan
Egoera horretan, "faxismoa gora doa Mendebaldeko estatu guztietan", GKSren hitzetan, eta "hainbat eremutan indarra hartzen" ari den "faxismo berri batez" ohartarazi du. Horrekin erreferentzia egin die "sare sozialetan gazteoi bideratutako ideia erreakzionarioen hedapenari", "eskuin muturreko alderdi parlamentarioak" izaten ari diren gorakadari, zein kalean jarduten duten talde faxisten presentziari.
"Faxista horiek elite globalistaren zein kultura posmodernoaren aurkako mugimendu bezala aurkezten dira, baina langile-klasearen eta berau osatzen duten kolektiboen aurkako gorroto-ideologia da beraiena", jakinarazi du gazte-antolakundeak: "Egoera guztietan langile-klaseko sektore zaurgarrien aurka egiten dute, eta benetako erantzuleak zuritzen dituzte".
Horren adibidetzat jo du faxistek "etorkinak esplotatzen dituzten enpresariak babestea", "eraso matxistak egiten dituzten gizonak zuritzea", "jendea etxetik botatzen duten bankuak eta etxejabeak babestea", eta, orokorrean, "estatuaren erreforma autoritarioa babestea". "Finean, krisi kapitalistaren testuinguruan, kolektibo zaurgarrien bazterketa eta estatuaren autoritarismoa defendatzen dituzte", laburbildu du.
Olatu erreakzionarioa Euskal Herrian
Aipatutako hori guztia Euskal Herrian ere gorpuztu da, eta GKSk gaitzetsi du areagoten ari direla "mezu matxistak, arrazistak eta, funtsean, klasistak zabaltzen dituzten kolektiboak". Adierazpen faxista orori kalean aurre egitera deitu dute GKSko kideek, baita "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen" borroka egitera ere. Zentzu horretan prestatu dituzte urtarrilaren 25eko manifestazioak, eta horietara "batzeko eta antolaketan parte hartzeko" deia luzatu dio Euskal Herriko jendarteari, gazteriari batez ere.
Erreakzioari kontra egiteko deia EHKStik
Joan den azaroaren 30ean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) ekitaldi politiko bat egin zuen Egian (Donostia, Gipuzkoa), Gorakada erreakzionarioari aurre egin aldarritzat hartuta. Aurreratu zuen oldarraldi erreakzionarioari eta faxismoari "maila guztietan" egingo diela aurre Mugimendu Sozialistak, eta "komunistak lehen lerroan" egongo direla borroka horretan. Langile-klaseko mugimenduei eskua luzatu zien, hala.