AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Diario de Noticias
2024/12/27 10:28

Iruñean (Nafarroa), beste mobilizazio deialdi bat egin dute elkarte memorialistek: urtarrilaren 18a markatu dute gorriz, beste behin ere, Erorien Monumentua bota dezatela aldarrikatzeko. "Konponbide bakarra da Erorien Monumentua kentzea eta suntsitzea. Funtsean, eraikin hori eraistea", azpimarratu dute. Monumentutik bertatik aterako da manifestazioa arratsaldeko 18:00etan, eta Gazteluko Plazan bukatuko da.

PSN, EH Bildu eta Geroa Baik azaroan aurkeztu zuten monumentu faxistari buruz lortu duten akordioa: oroigarri frankista, Espainiako Estatu mailan bigarren handiena dena, ez eraistea erabaki dute. Horren ordez, hura mantendu eta "beste esanahi bat" emateko asmoa erakutsi dute. Urte luzez borrokan ari diren elkarte memorialistek traiziotzat jo dute hiru alderdi horien ituna, urrian bertan erregistratu baitzuten eraikin faxista botatzearen aldeko eskaera bat.

Oraintsu jakinarazi dute Joseba Asiron alkateak (EH Bildu) azaroaren 28an bota zuela atzera eskaera hori, baina elkarte memorialistek diote ez duela modu egokian "arrazoitu" erabakia. Udal-gobernuak berak egun horretan argitaratu zuen web-orrian ez dagoela, "arauz, Erorien Monumentua botatzera behartuta". Alkateak udalaren zerbitzu juridikoen txosten bati egiten zion erreferentzia, baina kolektibo memorialistek diote horrek ez duela "interpretazio juridiko zuzenik egiten".

Oroigarri frankista babesteko erabakiari eusteko, EH Bildu buru duen udala esaten ari da, besteak beste, Espainiako Estatuan 2022an onartutako Memoria Demokratikoaren Legea ezin dela Nafarroan aplikatu, ez delako "oinarrizko" araudia. Elkarte memorialistek kontra egin diote interpretazio horri, ordea: "Legeak biltzen du estatu osoan une historiko jakin batean giza-eskubideak urratu zaizkion biktima orori trataera bera bermatu behar zaiola. Beraz, Nafarroan ere aplikatu behar da legea". Nabarmendu dute, beraz, legeriak aukera ematen duela eraikina botatzeko, eta borondatean jarri dute fokua.

Irakurri hemen borroka memorialistako kide Joaquin Iraizozi azaroan egindako elkarrizketa: "Erorien Monumentuaren genesia argi dago".

EZ DAGO IRUZKINIK