Gazako Zerrendan politika hiltzaileak mantentzen ditu Israelgo Estatuak. Palestinarren 2023ko urriaren 7ko matxinadaren ostean biziagotu zuten oldarraldia sionistek, eta joan den urrian agindu zuten palestinarren "ebakuazio" masiboa Gaza iparraldean, Jeneralen Plana deiturikoaren barruan: "Bertan geratzen dena terrorista gisa kondenatuko da legez, edota gose- edo hondamen-prozesu bat ezarriko zaio. [...] Gazako Zerrenda iparraldeko lurralde osoa lurralde militar bihurtuko da".
Horri lotuta, bonbardaketa eta eraso militar etengabeez gain, Gaza iparraldeko palestinarrak miseriara kondenatu ditu Israelgo Estatuak. Horretarako, besteak beste, laguntza humanitarioa blokeatzen segitzen du. Azken bi hilabete eta erdian, janaria eta ura zeramaten hamabi kamioik baino ez dute lortu eremu horretara iristea. Oxfam erakundearen esanetan, ibilgailu gutxik zuten baimena iparraldera sartzeko, 34 kamioik besterik ez, baina herenak baino ezin izan dute zeramaten laguntza humanitarioa banatu, "armada israeldarrak nahita egindako atzerapenak eta oztopatze sistematikoak" direla-eta.
Hiru kasutan, gainera, behin elikagaiak eta ura banatuta, laguntza hori jaso zuten errefuxiatu palestinarrei eraso zieten sionistek: ordu gutxiren buruan, bizitokitzat zituzten eskolak bonbardatu eta hustu zituzten. Oxfamek eta beste erakunde batzuek salatu dutenez, Israelgo Estatuak urriaren 6an erasoaldia areagotu zuenetik, sistematikoki ukatu die palestinarrei oinarrizko laguntza humanitarioa ematea. Uste dute milaka direla zonaldean erabat bakartuta eta harrapatuta dauden pertsonak: hainbat erakundek abenduan jaso zituzten abisu ugari, errefuxiatu-eremuetan eta hamaika etxetan janaririk eta urik gabe zeudelako.
Hain zuzen ere, Palestinako biztanleei ura kentzea eta ukatzea da sionistek daukaten taktiketako bat, Human Rights Watch erakundeak salatu duenez. Praktika sistematiko horren bidez, milaka palestinar erail dituztela kalkulatzen dute.