Etengabeak izan dira zurrumurruak azken bederatzi hilabeteetan, baina Hareetz egunkari sionistak berak baieztatu du berriki: hainbat hilabetez urriaren 7ko gertakariak aztertu ostean, azaldu du egun horretan Anibal doktrina delakoa (1986an sortu zen, ustez, nahiz eta ez dagoen neurri horren inguruko informazio gaurkoturik) aktibatu zutela agintaritza sionistek, Israelgo Estatutzat jotzen den eremuaren hegoaldean miliziano palestinarrek egindako kontraerasoari erantzuteko.
Anibal aginduaren helburua eta ondorioak argiak dira: kosta ahala kosta, soldadu sionistak edo bestelako kolonoak palestinarren esku erortzea ekiditea. Horren arabera, indar sionistek baimenduta daukate teorian bahituak egon daitezkeen eremuei eraso egitea, horrek euren bizia arriskuan jartzen badu ere.
Beraz, soldadu eta ofizial sionista ugarirekin hitz egin ostean, Hareetz egunkariak ondorioztatu du hala jokatu zutela indar sionistek urriaren 7an: euren militarrei eta "zibil israeldarrei" eraso zieten. Joan den urriaren 7an, 1.000 pertsona baino gehiago hil ziren miliziano palestinarrek egindako erasoan eta horren ondorengo erantzun sionistan; orain, are lausoagoa da zenbat hildako eragin zituzten miliziano palestinarrek eta zenbat indar sionistek eurek.
Berriki baieztatu dutenez, milizianoek kontraerasora jo eta bost ordura, agindu argi bat jaso zuten Gazako Dibisioko soldadu sionistek: ibilgailu bakarra ere ez zedila heldu Gazako Zerrendara. Horrek, zalantzarik gabe, bahitu sionistak eraman zitzaketen ibilgailuei eraso egitea esan nahi zuen.
Frogatutzat jo dute, bestalde, sionisten drone batek eraso bat egin zuela Reim basean, nahiz eta hainbat militar israeldar zeuden bertan. Eta lurrez ere jardun zuten indar sionistek Anibal doktrinari jarraikiz, itxura denez; horixe izan daiteke Beeriko kibutzean gertatutakoaren jatorria. Israelgo Estatuaren tankeek eraso zieten bertako kolono sionistei, eta hamahiru hil zituzten, gutxienez.