Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak gorriz markatu du urriaren 19a, larunbata: egun horretan ospatuko dute Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak Zentro Sozialistaren 6. urteurrena. Hain zuzen ere, urrian beteko ditu sei urte Zentro Sozialistak, eta laster emango dute urteurrenaren egitarauaren berri.
Krisiaren Seme-Alabak taldeak 2018an okupatu zuen Esklabak eraikinaren zati bat, "jaiotzen ari zen mugimendu berri baten espazio gisa". Eremu hori Zentro Sozialista bat da gaur egun, eta Mugimendu Sozialistak Euskal Herrian duen egoitza politiko eta sozial garrantzitsuenetariko bat da; ezinbesteko egoitza bat.
Iaz, irailaren 23an ospatu zuten Esklabaken 5. urteurrena: tailerrak; magia, harri-jasoketa edota skate ikuskizunak; bazkari handi bat; kontzertuak eta abar izan ziren bertan.
Ikasturtea martxan
Azpeitiko Zentro Sozialistan, ekin diote ikasturte berriari jadanik. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak jakinarazi du, esaterako, aurki jarriko duela martxan iaz sortutako proiektuetako bat: doako klase partikularrak, ikasleei bideratuta. Hainbat lagunen lan boluntarioari esker eskaintzen dituzte eskolak Esklabaken, eta irailaren 25ean eta 27an egingo dituzte proiektuari buruzko bilera informatiboak.
Irakurri hemen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kide bati Arteka-n egindako elkarrizketa