AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/10 08:37

Aurreko larunbatean palestinar erresistentziaren alde 50.000 pertsona baino gehiago mobilizatu ondoren, Palestinarekin Elkartasuna plataformak atzo egin zuen agerraldi bat Iruñean (Nafarroa), manifestazioaren balorazioa egiteko eta urriaren 15erako deituta dagoen lanuzteaz aritzeko. Horrez gain, elkartasuna adierazi zien indar sionisten torturak jasaten ari diren Global Sumud Flotillako kideei, baita Vueltako protestei lotuta auzipetu dituzten eta atxilotze-arriskuan dauden hiru nafarrei ere: "Haien berehalako askatasuna exijitzen dugu, eta haien kontrako prozesu errepresiboa bertan behera uztea exijitzen dugu".

Joan den larunbateko manifestazio erraldoia "azken urteetan Palestinarekin elkartasunez Euskal Herrian izandako mobilizaziorik jendetsuenetakoa" izan zela gogorarazi zuen plataformak. "Oihu ozenez palestinar erresistentziari babesa erakutsi genion, Palestina osoaren deskolonizaziorako eta Israelen desegiterako beharra mahaigaineratu genuen, eta bide horretan konplize guztien aurka borroka egiteko deia egin genuen", zehaztu zuen. Horiek horrela, mobilizazioa posible egin zuten kolektibo eta pertsona guztiak zoriondu zituen.

Hala ere, ohartarazi zuen "indar erakustaldi hori" ez dela nahikoa izango "ez badugu aurrerapausoak emateko indar bihurtzen". Horregatik esan zuen, Global Sumud Flotillak aurrez aldarrikatu bezala eta Palestinarekin Elkartasunak berak larunbatean Iruñean aurreratu bezala, beharrezkoa dela Palestinaren aldeko greba orokor bat antolatzea Euskal Herrian. Atzoko prentsaurrekoan, hain zuzen ere, behar horri egin zioten azpimarra plataformako kideek.

"Lanuzte sinbolikoa ez da nahikoa"

"Egoeraren larritasuna eta Palestinarekiko elkartasuna izaten ari den indarra ikusita, urriaren 15eko lanuzte sinbolikoa ez da inola ere nahikoa", azaldu zuten. Xehatu zuten "begi onez" ikusten dutela hainbat sindikatuk greba okorrera deitu izana hezkuntzan, baina deialdia "oso mugatua" izango dela greba orokorra gainerako sektoreetara zabaltzen ez bada, "hezkuntza sektoreak ekoizpenaren eta herri eta hirien normaltasunean eragin txikia duelako".

Bestalde, uste dute arriskua dagoela "mobilizazioen formarengatik eta aldarrien izaera lausoarengatik azken hilabeteetan gorakorra izaten ari den mobilizazio- eta presio-olatua baretzeko". Horregatik guztiagatik egin diete dei sindikatuei eta Euskal Herriko bestelako kolektiboei urriaren 15a greba orokor bihurtzeko edo beste egun baterako greba orokorra antolatzeko; eta horretarako konpromisoa erakutsi dute plataformakoek.

Greba orokor baterako aldarriak

Deia luzatzearekin batera, eta "Palestinarekiko elkartasun-mugimenduaren aldarrikapenei jarraituta", balizko greba orokorrak izan beharreko hainbat erreibindikazio minimo ekarri zituen gogora Palestinarekin Elkartasunak. Lehenik eta behin: "Genozidioa gelditzeko eta Palestinaren askatasuna erdiesteko, lurralde osoaren deskolonizazioa, preso palestinarren askapena eta errefuxiatuen itzulera bermatu behar dira. Ez dago Israelgo entitate kolonialarekin elkarbizitza posiblerik". Bigarrenik: "Palestinarrek kolonialismoaren kontra erresistitzeko eskubidea dute, eta beraz, palestinar erresistentzia babestu behar dugu. Palestinaren inguruko erabakiak palestinar herriari eta bere erresistentziari dagozkie, ez estatu sionistari eta Mendebaldeko gobernu inperialistei". Hirugarrenik: "Euskal Herrian gure ekarpen nagusia Israelen eta bere konplizeen kontrako presioa egitea da, sionismoarekin harreman ekonomiko, militar, diplomatiko eta kultural guztiak behingoz eteteko". Eta azkenik: "Greba orokorraren helburu nagusia Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Espainiako zein Frantziako gobernuei eta CAF bezalako enpresa konplizeei presioa egitea da, Israelekin harreman oro eteteko".

Horiek horrela, gaineratu zuen "Euskal Herrian ekoizpena geldiarazteak eta kaleak blokeatzeak Israel isolatzeko beharrari ekarpena" egingo liokeela. Dena den, eta "urriaren 15a lanuzte soilean gelditzen bada ere", plataformak jakinarazi zuen "Israelek Euskal Herrian dituen konplizeek sionismoarekin harreman oro eten dezaten presioa egiteko" mobilizatuko dela egun horretan.

EZ DAGO IRUZKINIK