AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Otsaileko irudi bat. ARGAZKIA / LAB
2022/10/18 10:28

Nafarroan ere lanuzteekin jarraituko dute adinekoen egoitzetako langileek. Urriaren 24tik 26ra egingo dute greba, Nafarroa mailako hitzarmen bat aldarrikatzeko eta negoziaketan gaur egun dagoen blokeo-egoera salatzeko. Gaur egun Espainiako Estatuko hitzarmena aplikatzen da Nafarroako egoitzetan, baina itun propio bat nahi dute beharginek, zenbait baldintza barne hartuko dituena; esaterako, soldata-igoerak. Izan ere, estatu mailako hitzarmenak ezarritako baldintzetan, zaintza-lanetan jarduten duten beharginen soldata nekez heltzen da gutxieneko soldatara.

Zahar etxeetan lanaldiak luzeak direla eta lan-karga eramanezina dela jakinarazi dute langileek. Lan-baldintza gero eta gogorragoak izan arren, baina, "hilabete amaierara iristea" gero eta zailagoa dela ere azaldu dute.

ELA, UGT eta LAB sindikatuek egin dute greba deialdia hilabete honen bukaerarako. Nafarroako Parlamentuak Foru Gobernuari eskatu zion hitzarmen propioaren sorrerari hel ziezaiola, baina sindikatuek gogorarazi dutenez, gobernuak "ez du ezer egiten sektoreko bi patronal nagusienen —Ane eta Lares— eta langileen arteko bitartekari-lanak egiteko".

4.500 inguru aritzen dira Nafarroak zahar etxeetan; hain zuzen, 70 egoitzatan, zenbait eguneko zentrotan eta etxez etxeko arreta zerbitzuan banatuta.

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek ere greba egingo dute urri amaieran nahiz azaro eta abendu erdialdean, patronalei nahiz Bizkaiko Foru Aldundiari "lan-baldintzak parekatzea eta ratio duinak ezartzea" exijitzeko. 5.000 langile dira Bizkaian.

EZ DAGO IRUZKINIK