AKTUALITATEA / Soldata sistema

Ur faltagatik ekoizpena eten behar izan du Olaberriko Arcelorrek

Oria ibaiko eskasiagatik, jarduna gelditu behar izan zuten lantegian larunbat gauean. Gertatzen den lehen aldia da.
2026eko irailaren 2 - 09:39
Ur faltagatik ekoizpena eten behar izan du Olaberriko Arcelorrek
— ARGAZKIA Gipuzkoa Gaur

Larunbat gauean, Arcelor Mittalek Olaberrian (Gipuzkoa) daukan lantokiko jarduna eten behar izan zuten, Oria ibaiko ur eskasiagatik. Izan ere, ura ezinbestekoa da fabrikak funtziona dezan, altzairutegiko ekipoak hozteko erabiltzen baitute batik bat, EITBk jaso duenez. Horiek horrela, ur falta zela-eta, gelditu egin behar izan zuten labe erraldoia.

El Diario Vasco-ren arabera, atzo eta gaur artean ziren berriz ere labea martxan jartzekoak, gelditu eta 48 bat ordu geroago. Honakoa da Arcelor Mittalek ur faltagatik halako erabaki bat hartzen duen aurreneko aldia, eta hainbat hedabidek ohartarazi dute berriz gerta daitekeela berdina hurrengo asteetan, nahikoa euri egiten ez badu.