AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/27 10:49

UPV/EHUko errektoretzak Leioako campusean (Bizkaia) duen egoitzaren aurrean elkartu dira gaur Ikasle Abertzaleakeko hainbat kide, Unibertsitatearen elitizazioa gelditu! lelopean hasitako dinamika berri bat aurkezteko. Azken urteetako hezkuntza erreformek eta Bolonia Prozesuak unibertsitatearen elitizazioa ahalbidetzen duten "oinarri juridiko eta kulturalak" jarri dituztela azaldu dute, "unibertsitatearen merkantilizazioan", "ikerketaren pribatizazioan", "ikasketen garestitzean" eta "langile klaseko ikasleen kanporatze sistematikoan" islatzen den bezala.

Enpresen esku-hartzea eta hezkuntzaren gainbehera


IAko kideen esanetan, unibertsitate publikoan ere errealitate bat da enpresen finantzaketa pribatua, eta horrek "enpresen esku-hartzea handitzea" nahiz haiek "unibertsitatearen gaineko kontrola eskuratzea" eragin du. Unibertsitatearen eredu anglosaxoia nagusitzen ari dela salatu dute, unibertsitateko agintariek enpresaburuen moduan jokatzen dutela eta "efizientziara bidean burokratizazio prozesu nabarmen bat" martxan dela azpimarratuta.

Horrez gain, hezkuntza "edukiz husten" ari direla ere aipatu du IAk. Azaldu du unibertsitateko metodologia "konpetentzia konkretu batzuk eskuratzera" bideratuta dagoela eta jakintza-adar batzuk modu mailakatuan ezabatzen ari direla, beste batzuk merkantilizatzen ari diren bitartean.

Errepresio politikoa

Elitizazio prozesu hori ahalbidetzeko elementu garrantzitsua da, IAren arabera, errepresio politikoa. Unibertsitatean gertatzen diren gatazkei "aterabide poliziala" ematen zaiela eta askatasun politikoak ez daudela bermatuta salatu du. Horrez gain, "komunismoaren ideia alboratua eta desitxuratua" dela adierazi dute, unibertsitateko "adar progresistaren kontsentsuz".

Doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala

Unibertsitateko egungo egoeraren aurrean, "doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsalaren beharra" azpimarratu du IAk. Datozen hilabeteetan norabide horretan lan egingo duela jakinarazi du, "ikasleriaren politizaziorako eta antolakuntzarako baldintzak sortzen" jarraitzearekin batera.

Unibertsitateetan egingo duen lanketaz gain, Bigarren Hezkuntzan ere jarri du martxan dinamika bat IAk, kalitatezko eta doako hezkuntza unibertsala aldarrikatzeko. Aste honetan aurkeztu du kanpaina hori ere.

Asanbladak, bihar

Bihar, urriaren 28an, asanblada irekiak egingo dituzte campusetan, eta gaur aurkeztutako kanpainaren inguruko azalpenak emango dituzte IAko kideek. 13:00etan izango dira Leioako campuseko eta Gasteizko campuseko (Araba) bilera irekiak, Mikel Laboa plazan eta Letren fakultatean, hurrenez hurren. Ibaetako campusean (Gipuzkoa), berriz, 13:30ean egingo dute asanblada, Aulariopean.

Ikusi hemen IAk argitaratutako aurkezpen bideoa

EZ DAGO IRUZKINIK