AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/13 16:22

Espainiako Estatuko lan-merkatuak gero eta zailtasun handiagoak ditu lan-indar berria integratzeko. Espainiako Bankuak 2020ko buletin ekonomikoan argitaratutako datuen arabera, unibertsitate-ikasketak burututa zituzten 30 eta 34 urte arteko tituludunen artean soilik, %9,8koa izan zen langabezia-tasa 2018an. 2006ko zifrekin alderatuta, 4,1 puntu igo zen hamabi urtean.

Fenomeno hori azaltzeko, ekonomialari ugarik aitzakiatzat hartu izan dute "ikasleek gehien eskatzen dituzten tituluen eta enpresek bilatzen dituztenen arteko desoreka". Espainiako Bankuak, ordea, hipotesi hori gezurtatzera daramaten datu ugari aurkeztu zituen txostenean: "2018an, 30 eta 34 urte arteko unibertsitario espainiarren langabezia-tasa Europako homologoena halako bi izan zen, gutxi gorabehera, eta, beraz, gure buruari galde diezaiokegu zenbateraino azal daitekeen alde hori Espainiako ikasleek aukeratutako tituluei dagozkien espezializazio desberdinekin".

Europaren bikoitza

Are gehiago dio Espainiako Bankuak, hainbat kalkulu egin ostean: "Espainiako gazteen langabezia-tasa oso antzekoa izango litzateke, bai 2006an, bai 2018an, espezializazioen araberako banaketa Europako Ekonomia eta Diru Batasun (EEDB) osoan ikusten denaren berdina izan balitz". Unibertsitateko titulua zuten 30-34 urteko landunen ehunekoa, ondorioz, %44koa zen 2018an; "lanpostu kualifikatu" deritzon kategoria profesionalaren baitan. Izendapen horrek "zuzendariak, gerenteak, teknikariak eta profesional zientifiko zein intelektualak" barne hartzen ditu Eurostatek egindako ikerketan.

Egia da arlo horretako landunen ehuneko absolutua igo egin zela 2006 eta 2018 bitartean; %39,4tik %44ra, hurrenez hurren. Hala ere, horren arrazoi nagusia "emakumeen laneratzea" izan zela azaldu zuen Espainiako Bankuak, arlo horretan txertatutako lan-indar femeninoa 7,1 puntu igo baitzen denbora-tarte berean.

Gizonezkoen zifretan, berriz, ez zen aldaketa handirik nabari. Gainera, kategoria sozial horretako emakumeen langabezia ere igo egin zen: %6,7koa zen 2006an, eta %10,5ekoa 2018an.

Egiturazko arrazoiak

Ebidentziek iradokitzen dute Espainiako Estatuko unibertsitarioen artean langabezia handiagoa izateak ez duela esan nahi tituluen aukeraketa lan-aukera gutxien dituztenetara "desbideratuta" dagoenik, ez Euroaren eremuan baino gehiago, bederen. Aldiz, Espainiako Estatuko lizentziadun gazteek Euroaren eremuko herrialdeetakoen aldean egiten dituzten lanen batez besteko "kualifikazio txikiagoak" nahiz langabezia-maila altuagoak ondokoa erakusten dute, Espainiako Bankuaren iritziz: "goi-mailako hezkuntzaren kalitate txikiagoa" eta "ekonomiaren egiturazko ezaugarriak", besteak beste. Faktore horiek lan-merkatuak goi-mailako tituludun berrien fluxuak behar bezala xurgatzeko duen gaitasuna "mugatu" egiten dutela ondorioztatzen du Espainiako Bankuak.

Perspektiba kontua

Hori guztia gutxi balitz, ikerketaren ikuspegiaren inguruko bi aspektu nabarmendu behar dira. Batetik, adin-tarteari dagokion lagina kualitatiboki esanguratsua den arren, kuantitatiboki murritza da. Hau da, adin txikiagoa duten graduatuen lan-egoera kontuan hartzen ez denez, tituludunen langabeziaren zifra orokorrak ezkutatu egiten dira.

Hala ere, aipatutako zifrek lan-merkatuan txertatzeko adin-tarte erabakigarriari erantzuten diotela jakinda, emaitzak ez dira onak. Bestetik, COVID-19aren sasoiko atzeraldi ekonomikoaren eragina ikusi beharko litzateke.

EZ DAGO IRUZKINIK