AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/29 09:47

Langabeziari lotutako dirulaguntzen sisteman aldaketak izango dira Espainiako Estatuan, eta are gogorragoak izango dira langabetuek onartu beharko dituzten exijentziak. Europar Batasunarekin hartutako konpromisoei lotuta, eta Europako funtsak jasotzen jarraitzearen truke, oinarrizko ideia oso argi batekin aldatu nahi du araudia Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioak: pertsona langabetuak are gehiago makurraraztea eta jazartzea.

"Enplegu osoa" lortzea aitzakiatzat hartuta gogortu nahi dituzte langabetuei jarritako exijentziak. Langabezia-saria amaitzean subsidioa jaso ahal izateko bete beharreko baldintzak, beraz, zorrotzagoak izango dira. Gutxieneko exijentzia horiek lotura izango dute, nagusiki, lan-eskaintzekin, lan-formakuntzekin eta lana bilatzearekin.

Hain zuzen ere, langabezia-subsidioa jasoko duten pertsonak agiri bat sinatzera behartu nahi dituzte, hainbat konpromiso har ditzaten, indarrez: "modu aktiboan" lana bilatzeko konpromisoa, enplegu-zerbitzuek proposatutako lan-formakuntza oro jasotzekoa, eta enplegu-zerbitzuek egindako lan-eskaintza orori halabeharrez "erantzutekoa".

Estatuko Ekonomia idazkari Gonzalo Garcíak berriki adierazi du langabeziagatiko dirulaguntzek zer funtzio bete beharko luketen bere ustez: "lan-jarduera sustatzea". Horregatik, Garcíaren esanetan, enplegu-zerbitzu publikoen eta administrazioaren zereginek (formakuntza eta "ibilbide pertsonalizatuak" eskaintzea, esaterako) eskutik joan behar dute dirulaguntza jasotzen ari diren pertsonek hartu beharreko "konpromiso" batzuekin. Merkatuan lan-esku falta dagoela eta langabeziagatiko dirulaguntzen sistema horretara egokitu behar dela gaineratu du Ekonomia idazkariak.

Zigorrak gaur egun ere

Gaur egun ere, "jarduera-konpromisoa" delakoaren bidez, hainbat baldintza onartu behar izaten ditu langabeziagatiko dirulaguntza bat eskatzen duen pertsona orok, enplegu-zerbitzu publikoen aurrean hainbat konpromiso hartuta. Gaur-gaurkoz martxan dagoen araudiarekin, langabeziagatiko laguntza bat jasotzen ari direnek bi aldiz baino ezin diote ezetz esan enplegu-zerbitzuek proposatutako lan bati. Hirugarren aldiz lan-eskaintza bat baztertzen badute, kendu egiten diete dirulaguntza.

Oraingoz, dena den, ez dago argi nolakoa izango den, zehazki, lan-eskaintzei buruzko araudi berria: ez dago argi zer esan nahi ote duen enplegu-zerbitzuek proposatutako lan-eskaintza orori "erantzun" behar izateak, eta ez dago argi lan-eskaintza bati aurreneko aldian ezetz esaten diotenei zuzenean kenduko ote dieten langabeziagatiko dirulaguntza, gaur egun bezala, hirugarren aldian kendu beharrean.

Hilean 480 euro

Hilabetean 480 eurokoa da langabezia-subsidioa, eta, une honetan, 810.000 pertsona inguruk jasotzen dute Espainiako Estatuan; gehienak, 50 urtetik gorako biztanleak. Langabezia-saria amaitzean eska daiteke subsidioa, eta kasu jakinetan onartzen da langabezia-sariaren osteko laguntza hori ematea.

UGT sindikatuko idazkari orokor Pepe Álvarezek martxoan babestu zituen langabetuen kontrako jazarpen-neurriak: esan zuen langabezian egonda lan-eskaintzaren bati ezetz esaten diotenek ez luketela langabezia prestazioa eta bestelako diru-laguntzak jasotzeko aukerarik izan behar.

EZ DAGO IRUZKINIK