Donald Trumpek ostegun honetan iragarri duenez, apirilaren 6ra arte luzatuko du Irango Errepublika Islamikoak Ormuzko itsasartea erabat irekitzeko "ultimatuma", bestela zentral elektrikoak suntsituko dituela esanez. Truth Social sarearen bidez esan du "Irango Gobernuak eskatuta" ezarri duela luzapena, eta "elkarrizketek aurrera jarraitzen dutela eta oso ondo garatzen ari direla" ere adierazi du Trumpek. Aldi berean, Pentagonoa inbasio militarrerako hainbat aukera diseinatzen ari da "azken kolpea" deritzotena gauzatzeko, Axios hedabide digitalak atzo argitaratu zuenez.
Irango Atzerri ministro Abbas Araqchik salatu du AEBen hitzak eta jokabideak "kontraesanaren seinale" direla. Izan ere, negoziatzeko eskatu, erasoarekin jarraitu eta indar gehiago bidali dituzte eskualdera, Middle East Eye-k jaso duen modura. Iranek 15 puntuko proposamen estatubatuarrari erantzun formala eman dio jada, Tasnim agentzia irandarrak iturri ezagun bat aipatuta jakinarazi duenez. Erantzun horretan, Teheranek "hilketa-ekintza oldarkorrak bertan behera uzteko", "gerra ez errepikatzeko baldintza zehatzak" ezartzeko, "kalte-ordainak eta gerrako konponketak" bermatzeko eta Ormuzko itsasartean Iranen subiranotasuna "eskubide natural eta legal" gisa onartzeko eskatu du.
"AEBen negoziazioen baieztapena hirugarren engainuaren proiektu bat baino ez da"
Tasnim-ek aipatutako iturriaren arabera, Iranentzat argi dago AEBek negoziazioak izaten ari direla baieztatu izana "hirugarren engainuaren proiektu bat besterik ez dela". Horren bidez, Washingtonek "itxura baketsua" eman nahi duela dio, "petrolioaren munduko prezioak baxu mantentzeko" eta, batez ere, "denbora irabazteko Irango hegoaldean eraso-ekintza berri bat prestatzeko, lurreko inbasio baten bidez". Irango agentziak gogorarazi duenez, "bai 2025eko ekaineko hamabi eguneko gerran, bai egungo gerran, estatubatuarrek negoziatzen ari zirela hasi zuten gerra". Bien bitartean, Israelgo Armadak Iranen "eskala handiko eraso-uholde" bat gauzatu duela iragarri du, Teheranen erregistraturiko leherketekin, eta Libano hegoaldea bonbardatzen jarraitzen du.
Ultimatumaren luzapena bat dator eliteko 3.000 soldadu Golkora bidali eta Pentagonoak 10.000 tropa gehiagoren hedapenari buruz eztabaidatu izanarekin, The Wall Street Journal egunkariaren esanetan. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak atzo ohartarazi zuenez, gerrak inflazioa areagotu du eta Eurogunerako hazkunde-aurreikuspenak murriztu ditu.
Trumpek epeak luzatu eta "irteera diplomatikoa" bilatzen duen bitartean, AEBetako eta Israelgo makineria militarrak bonbardaketak egiten jarraitzen du Iranen, Libanon eta Sirian. Yair Lapid Israelgo oposizioko buruak "estrategiarik gabe" eta "soldadu gutxiegirekin" gerra egitea leporatu dio Netanyahuren gobernuari, Israelgo Armadako buruak egindako adierazpenen ondorioz. Negoziazioen azken eskaintzak lurreko inbasio baten prestaketa ezkutatzen du, gorakada arriskutsu baten abiapuntua izango litzatekeena.