Helburu militarretarako 46.600 milioi dolarreko finantza-laguntza bidali da urtebetean Amerikako Estatu Batuetatik Ukrainara, Kiel Munduko Ekonomiarako Institutuak egindako kalkuluen arabera. 2022ko otsailaren 24tik 2023ko urtarrilaren 15era bitartean bidalitako funtsek AEBek Afganistango gerran egindako urteko gastu militarra gainditu dute dagoeneko. Hori gutxi balitz, beste 5.000 milioi dolar gehitu behar litzaizkioke material militarrean.
Gainera, gogoan izan behar da AEB zuzenean inplikatuta zegoela Afganistango gerran, Ukrainakoan ez bezala. Horren handia da estatubatuarrek Kievi emandako laguntza, bigarren hornitzaile handiena den Erresuma Batuaren zifra (5.130 milioi) ia hamar bider gainditzen duela; eta britainiarren babesa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, joan den urtarrilera arte bidalitakoa euren Barne Produktu Gordinaren %0,24 eta aurrekontu militarraren %7,2 izan baita.
Horren handia da estatubatuarrek Kievi emandako laguntza, bigarren hornitzaile handiena den Erresuma Batuaren zifra (5.130 milioi) ia hamar bider gainditzen duela
Kontua ez da hor amaitzen, izan ere, AEBek ez ezik, beste 40 herrialdez osatutako koalizio batek laguntzen du Ukraina; ekonomikoki, militarki zein diplomatikoki. Bada, gerrarako 61.550 dolarreko laguntza finantzarioa eman diote jada koalizio horretako hamar potentzia nagusien artean bakarrik.
Errusiarekin gerran dagoen herrialdeari emandako dirulaguntza estatubatuarra AEBek zuzenean parte hartu duten gerrekin alderatzen jarraituz gero, Korean (138,2 mila milioi dolar), Iraken (125,1) eta Vietnamen (90,9) urteko gastu militarra askoz handiagoa izan zela ikus daiteke. Hori bai, kasu horietan, ondoko faktoreak gogoan izan behar dira: tropa estatubatuarrak bertan mobilizatuta zeuden, arma sistema propioak eskala handiagoan eta Ozeano Barean zehar edo hegazkinez garraiatu behar izan zituzten, aireko zein itsasoko armadaren misio iraunkorrak jarri zituzten martxan eta milaka soldatu estatubatuar hilda edo zaurituta itzuli ziren. Beraz, 46.600 milioi dolarreko gastua, soilik atzerriko potentzia bati laguntzera bideratutako aurrekontua dela kontuan izanda, zifra esanguratsua da.
Letonia, Estonia eta Lituania bezalako ekonomia txikiek, hurrenez hurren, euren BPGaren %1,01, %0,95 eta %0,52 bideratu zuten Kiev militarki hornitzera
Bestelako termino erlatiboetan, Kiel Institutuak gogorarazi duenez, aurrekontu hori AEBetako BPGaren %0,25 eta bere aurrekontu militarraren %5,4 da. Zifra are deigarriagoa da Europako zenbait herrialderi erreparatzen badiegu. Letonia, Estonia eta Lituania bezalako ekonomia txikiek, hurrenez hurren, euren BPGaren %1,01, %0,95 eta %0,52 bideratu zuten Kiev militarki hornitzera, 2022ko otsailaren 24tik urriaren 3ra bitartean. Poloniaren kasuan, BPGaren %0,60 eta aurrekontu militarraren %10,4 izan da.
Errusia ekonomikoki egonkor
Mendebaldeko potentzia inperialistek Errusiaren erregai fosilen errentak murrizteko ahalegin handiak egin dituzten arren, Moskuk, oraindik, 500 milioi dolar baino gehiago irabazten ditu egunero petrolio eta gas salmentekin, Think Tank Center for Research on Energy and Clean Air erakundearen arabera. Iazko urrian egunean 844 milioi irabaztera iritsi zen, eta maiatzean, berriz, beste 937. Erregai fosilen irabaziak zertxobait apaldu dira 2023ko otsailean, baina "errusiar ekonomia hondoratzeko" helburutik urrun jarraitzen dute hala ere. Gerra aurreko perspektiban jarrita, emaitzak 2021eko maiatzekoak baino zertxobait txikiagoak izan dira, besterik ez.
Moskuk, oraindik, 500 milioi dolar baino gehiago irabazten ditu egunero petrolio eta gas salmentekin
Zenbait herrialde Errusiako erregai fosilak boikotatzen hasi zirenez, Moskuk hasiera batean beherapenak egin behar izan zituen gainerako bezeroentzat. Gerora, munduko merkatuko prezioen igoerak izugarri igo zituen errusiar irabaziak. Bestalde, Europar Batasunak Errusiako itsas petrolio gordina inportatzea debekatu zuen abenduan, eta gainontzeko petrolio-produktuak inportatzea otsailean. Hala ere, EBko herrialdeek Errusiako petrolioa eta gasa hodi edo GNL bidez inportatzen jarraitzen dute.
"Nazioarteko Komunitatea" auzitan
Errusia ekonomikoki itotzeko zailtasunek, berez, ez lukete harritzekoak izan behar, eta horrek badu Mendebaldeko potentziek "Nazioarteko Komunitatearen" inguruan duten ikuspegi autozentratuarekin zerikusirik. Mendebaldeko potentziek "Nazioarteko Komunitatea Moskuren aurka dagoela" diote etengabe, eta egia da errusiar interbentzioa kondenatzen duten herrialdeek ekonomikoki zeresan handia dutela mundu mailan (BPG globalaren %60). Financial Times hedabideak aditzera eman duenez, ordea, Errusia kondenatu dutenen pisu demografikoa ez da %15ekoa baino askoz ere handiagoa. Eta are gehiago: Mendebaldearekin erabat lerrokatzen diren herrialdeak ozta-ozta iristen dira munduko populazioaren %20 izatera.
Mendebaldearekin erabat lerrokatzen diren herrialdeak ozta-ozta iristen dira munduko populazioaren %20 izatera
Biztanleria globalaren beste %30 baino gehiago osatzen duten herrialdeak "neutral" gisa aurkezten dira, eta beste %28k ez dute Errusiarekin harremanak hausteko inolako asmorik. BPGari begira, Mendebaldearekin erabat lerratzen diren potentziak ez dira BPG globalaren %10era iristen, "neutralak" %10 dira, eta beste %20k Moskurekin harremanak mantentzen dituzte. %4a, zuzenean, Errusiaren alde lerratzen diren herrialdeetan bizi da.