Atzo, hilak 22, salbuespen egoeraren inguruan egiten duen analisia plazaratu eta antolakuntza politikorako deia egin zuen Unibertsitateko Indar Batasunak. Unibertsitateko ikasle, ikerlari, irakasle, garbitzaile eta gainerako langile sektoreen egoera "nabarmen okertu dela" salatu dute beste behin, eta "ezohiko egoerak unibertsitatean kapitalaren interesak indartzeko aukera paregabea" sortu duela ohartarazi du, langile klasea "horren ondorio gordinak" jasaten ari den bitartean.
Horren aurrean, sortu zenetik aldarrikatutakoa berretsi du UIBk: "Unibertsitateak langile klasearen interesera egon beharko luke, ez burgesiaren interesera". Helburu hori erdiesteko, ordea, "nahitaezkotzat" jo du unibertsitateko langile sektoreen baldintza materialak hobetzeko antolatzea, eta "horretarako tresna" izan nahi duela azaldu du. Covid-19aren pandemiak sortu duen egoeraren erdian, garbitzaile, ikasle, irakasle zein unibertsitateko beste sektore askok "klase interesak partekatzen dituztela" are argiago ikus daitekeela iritzi dio UIBk.
GARBITZAILEAK
UIBren arabera, EHUko garbitzaileak izan ziren "eraso horiek sufritzen lehenak". Grebaldi bete-betean harrapatu zituen salbuespen egoerak, eta ondorioz, berez onartua dagoen lan hitzarmena betearazteko borrokan jarraitu beharko dute etorkizunean ere. Koiuntura "greba debekatzeko" eta "garbitzaileak %100eko gutxieneko zerbitzuak betez lanera itzultzera behartzeko" baliatzea egozten dio UIBk EHUri. Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak garbitzaileek egindako eskaerez "hitzik ere egin" ez izana eta "haien borroka zapuztu" izana ere salatu dute.
OSASUNGINTZAKO IKASLEAK
Medikuntzako eta erizaintzako ikasleei dagokienez, UIBk gogorarazi du, "borondate ona" aitzakia gisara erabilita, larrialdi egoeran praktikak Osakidetzan amaitzera bideratu zituztela azken ikasturteko ikasleak. Praktiketarako bestelako aukeren inguruan "informazio falta" zutenez, askorentzat aukera bakarra izan dela diote UIBko kideek.
Lanpostu horietan "euren burua arriskuan jartzen dutela" eta "berezko praktiketan baino ahalegin handiagoa" egingo dutela jakinda ere, ez zaie 950 euroko gutxieneko soldata baino gehiago eskaini, eta beste asko kontraturik gabe hasi ziren lanean. Baldintzen hobekuntza eskakizunei dagokienez, gainera, apirilaren 1ean egindako adierazpenaz geroztik "ez da aldaketarik egon".
ZAILTASUN AKADEMIKOAK
Larrialdi egoeraren erdian unibertsitateko ikasleen ebaluazioarekin aurrera jarraitzeko erabakia ere gogor kritikatu du UIBk. Izan ere, azaldu duenez, halako ezohiko egoeran "edukiak ez dira ondo transmititzen online klaseen bidez", "norbere etxeko egoerak erabat baldintzatzen ditu ikasteko gaitasuna eta aukerak", eta "materiala lortzeko arazoak nabarmenak dira".
Ebaluaziorik gabe edukia barneratzeko moduak aztertu ordez, Unibasq bezalako agentziekin "kalteak kalte" ebaluatzeko asmoari eustea leporatzen diote, hortaz, unibertsitateari. UIBk dionez, "gehiago kezkatzen ditu nazioarteko rankingetan unibertsitateak bere postua ez galtzeak, beste ezerk baino". Ondorioz, ebaluazioa egiteko ezintasuna onartu eta bere ospea galdu ordez, "ikasleek gainditzeko erantzukizuna irakasleen gain jartzea" lehenetsi izana egozten diote UIBko kideek.
Haien esanetan, "ez dago ebaluazioa egiteko
baldintzarik", eta unibertsitateak "edukia ondo jasotzen"
zentratu beharko luke. Dena den, krisialdiak izandako ondorioak ikasleek edo irakasleek euren gain hartu behar
izatea "onartezina" dela adierazi dute.
KOSTUAK
Kostu ekonomikoei lotuta, UIBk ikasturte hasieratik jarri du lehen lerroan tasak merkatzeko eta bekak hobetzeko aldarrikapena. Orain, aldarrikapen horiei indarra ematea "inoiz baino premiazkoagoa" delakoan dago. Izatez, "hezkuntzagatik ordaintzeak ere zentzurik izan ez arren", osatu ez duten lauhilekoaren matrikula ordaindu beharrak zentzu are gutxiago duela diote. NUPen kasuan tasak bereziki altuak direla gogorarazi dute, bide batez. Gainera, "egoera honen ondorioz gainditu ezingo dutenek matrikula berriro eta garestiago" ordaindu beharko dutela ohartarazi dute.
Hori gutxi balitz, besteak beste alokairuaren kostuek egoera "are gehiago okertzen dute", langile klasearen zati batek diru-sarrerak galdu dituen honetan. Ondorioz, "kostu guztien murrizketa" eta "beka bidezko konpentsazioa" beharrezkoak direla ebatzi du UIBk.
KANPAINA MARTXAN
Deustuko Unibertsitatean, NUPen, Gasteizko (Araba) Farmazia eta Letren fakultatean eta Leioako (Bizkaia) Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean martxan dira dagoeneko hainbat dinamika, izan testigantzak biltzeko kanpainak, inkestak edota sinadura bilketak.