Ekida Arte Ekimen Sozialistak urtarrilean estreinatu zuen bere bigarren antzezlana, Plaza hau gurea da. Askotariko hamaika plazatan aurkeztu du lana ordutik, eta berriki jakinarazi du udan ere izango direla hainbat emanaldi. Hurrengo hilabetean, hain justu, beste sei saio egingo ditu Ekidak.
Datorren asterako jarri dituzte udako lehen bi hitzorduak: ekainaren 27rako Lekeition (Bizkaia), eta 28rako Elgorriagan (Nafarroa). Uztailaren hasieran, berriz, Legazpira (Gipuzkoa) eramango dute Plaza hau gurea da: 3an, zehazki. Uztailaren 11n Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) izango da antzezlana ikusteko aukera, eta hurrengo egunean, berriz, Iruñean (Nafarroa). Uztaila biribiltzeko, Errenterian (Gipuzkoa) egingo dute emanaldi bat, 22an.