AKTUALITATEA / Ekida
Barañaingo Gaztetxean izango da bigarren Artea Kalera jardunaldia
Apirilaren 5erako antolatu dute egitaraua: arte plastikoez eta agitaziorako teknikez arituko dira, besteak beste.
2025eko martxoaren 29
Barañaingo Gaztetxean izango da bigarren Artea Kalera jardunaldia

"Arte plastikoek eta muralgintzak kultur borrokan duten lekuaz" hausnartzeko, Artea Kalera jardunaldiak egiten ari da Ekida Arte Ekimen Sozialista. Gasteizen (Araba) izan zen lehenengo saioa otsailean, eta bigarren hitzordu baten berri eman du orain: apirilaren 5ean, arratsaldez, Barañaingo (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxean egingo du jardunaldi bat.

17:00etan emango diote hasiera egitarauari: Arte plastikoak, kultur borrokarako tresna hitzaldia egingo dute lehenik eta behin. Horren ostean, 18:30etik aurrera, tailer bat eskainiko dute: Agitaziorako euskarri eta teknika berriak landuko dituzte. Artea Kalera jardunaldien hirugarren eta azken saioa Arrasaten (Gipuzkoa) izango da, baina aurrerago argitaratuko dute egitaraua.