Dar Etxea kolektiboak, hainbat pertsonaren babesarekin, eskaera argi bat egin zion atzo Iruñeko (Nafarroa) udal-gobernuari (EH Bildu): neguan zehar, etxerik gabeko pertsonek "udalaren jabetzakoak diren edo udalak kudeatzen dituen espazio hutsak erabili ahal izatea". Izan ere, Jaso Ikastolaren aurrean egindako agerraldian jakinarazi zutenez, Iruñean gutxienez 250 lagun daude urgentziazko egoeran gaur-gaurkoz, eta, hala ere, hutsik daude udal-jabetzako hainbat leku.
Etxerik gabeko pertsonei bideratzeko moduko hainbat toki aipatu zituzten pentsaurrekoan: "Oscus, Gelbentzu zinemaren eraikin zaharra, autobus-geltoki zaharraren gaineko solairua edo udalaren jabetzako bestelako edozein lokal huts". Salatu zutenez, "Iruñerrian, udal-etxebizitzen parke publikoa 625ekoa da, eta horietatik 432 baino ez dira erabiltzen".
Horrez gain, Dar Etxeak egoera zaugarrian dauden pertsonei "oinarrizko baliabideak eskuratzeko errolda bezalako oztopo administratiboak kentzea" eskatu zion udalari, baita "etxebizitza-politikaren gaineko neurri zehatzak" har ditzala ere; esaterako, "etxebizitza hutsen errolda egitea eta argitaratzea, alokairu-merkatuan ez dauden etxebizitza huts guztiak zergapetzea eta Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren jabetzako etxebizitza huts guztiak zirkulazioan jartzea".
Pobreziaren kudeaketa erakunde publikoen partetik: Argaren ertza eta Jaso adibide
Ehunka lagunek gaur egun bizi duten egoera larriaren harira, "udal-politika sozialen pixkanakako eskuinerako joera" salatu zuten prentsaurrekoan: "Eskubideen bermea pobreziaren kudeaketa-eredu neoliberal baterantz doa, harrera-zerbitzuen kanporatzea, herritarrak sartzeko zirkuituen baztertzea eta biztanleria ahulak diziplinatzeko kontrol sozialeko gailuak batzen dituena". Horri lotuta, etxebizitza-larrialdia "pobreziaren kudeaketa arrazistaren erregimen horren egiturazko giltzarria bihurtu" dela seinalatu zuen Dar Etxeak, eta udalaren eginkizunari egin zion azpimarra: "Ustez etxebizitza-larrialdia artatzeaz arduratzen den erakunde publikoa, soberako-biztanleria kanporatzeko, zigortzeko eta garbitzeko tresna bihurtzen da".
Adibide modura aipatu zuten "Argaren ertzean edo Jasoko hondakinen artean bizirauten duten hamarnaka gazteen egoera dramatikoa". Agerraldian salatu zuten, hala, "udalak arazo sozialei aurre egiteko duen moduaren adibide argia" direla kasu horiek; "kanporatze zein dei-efektuaren inguruan onartutako narratiben bidez, Poliziaren etengabeko presentzia, desalojo mehatxua eta kriminalizazio irekia" jasan behar baitituzte pertsona horiek guztiek.
"Elkartasuna eta elkarlaguntza"
"Etxebizitza-larrialdiaren behin-behineko irtenbide gisa, autoantolakuntzaren bitartez higiezin horien erabilera kudeatzeko prestutasuna plazaratzen dugu", atera zuten mahaira atzo: "Sistema sozialaren kolapso baten aurrean egoteaz gain, sistema horri aurre egiteko hautu politiko baten aurrean gaude". Bide horretan, konpromisoa erakutsi zuten, "elkartasunean eta elkarlaguntzaren bitartez, gure hirian gero eta biztanle gehiagori eragiten dien berehalako proletarizazio-prozesuari aurre egiteko sareak eraikitzen jarraitzeko".