Onoren Txosna Batzordeak kudeatzen duen jai-gunearen kontrako neurriak hartu ditu Ondarroako Udalak (EH Bildu), aurreko urtean, polizia-indarrekiko jarrera kritikoa erakusteagatik. Andra Mari Jaietan, txosnetara bertaratu zen udaltzain bat, baina hainbatek adierazi zioten poliziari ez zela ongietorria herri-mugimenduaren gune horretan. Sekulako kriminalizazioa jaso zuen Poliziarekiko jarrera politiko horrek, bai mediatikoki bai udalaren partetik. Udalak, Urtza Alkorta (EH Bildu) alkatetzan dela, txosnen aurkako neurriak hartuko zituela eman zuen ulertzera, eta bete du hitza: dirulaguntza bat kendu dio txosnen antolakuntza herrikoiari.
Ondarroako Udalak esan du Onoren Txosna Batzordearekin bilerak egin dituela "konpromiso" batzuk har daitezen, "bizikidetza oinarri izango duten jai herrikoiak bultzatzeko". Eta gaineratu du: "Iazko gertaeren ostean udalak argitaratutako adierazpen instituzionalean esan modura, gertatutakoa oso larria izan zen eta neurri zuzentzaileak hartu dira. Onoreneko ordezkariei jakinarazi zaie aurreko urteetan udalak bere gain hartzen zuen txosnaguneko soinu-teknikariari zegokion ordainketa aurten ez duela udalak egingo, iazko gertakariak direla eta". Beraz, txosnen antolakuntzak errepresaliak jasan beharko ditu, polizia-indarren aurrean kritiko agertzeagatik. Hala ere, honakoa gaineratu du udalak bere oharrean: "Ondarroako Udalak bai txosna batzordearekin bai herriko beste eragileekin jai herrikoi eta partehartzaileak antolatzeko lanean jarraituko du".