Abuztuaren 11tik 17ra bitartean ospatu dituzte Andra Mari Jaiak Ondarroan (Bizkaia). Aurtengo festak markatu ditu, baina, polizia-indarrekiko jarrera kritikoaren kontrako errepresioak. Izan ere, abuztuaren 16an, txosnagunean zegoen udaltzain bati esan zioten ez zela ongietorria, polizia-indarren parte izateagatik; Poliziarekiko jarrera kontsekuente hori hartzea erabaki zuen aurrez Onoren Txosna Batzordeak. Gerora, hautu politiko hori kriminalizatzen aritu dira bai masa-komunikabideak bai Ondarroako Udala, EH Bildu gobernuburu duela.
Euskal Herriko beste hainbat herritan Poliziarekiko jarrera kritikoa hartzean gertatu den modura, ohiko hitz manipulatzaile berdinei heldu diete hedabideek: polizia-indarren kontrako "erasotzat" jo dute Ondarroan gertaturikoa. Udalak egindako salaketa ere bide antzekotik joan da, Txosna Batzordea seinalatu eta polizien alde egin baitu. Hala zioen Urtza Alkorta (EH Bildu) alkateak, udalak argitaraturiko ohar baten bidez: "Ondarroako Udalak ez du onartzen horrelakorik eta babesa adierazten die udaltzainei zein udal-langile guztiei, bereziki, atzo txosnagunetik kaleratua izan zen udaltzainari".
Udalak "oso larritzat" hartu zuen Txosna Batzordearen erabaki politikoa, eta, une oro, "udal-langile" gisa egin zion erreferentzia udaltzainari, eta ez polizia gisa. Horrez gain, "beharrezko neurriak" hartuko dituela nabarmendu zuen, zehaztapenik egin gabe.
Polizia-indarren aurkako aldarria, isildua Gazte Egunean
Honakoa ez da izan, aurtengo jaietan, Poliziaren kontrako aldarrikapenak zapaldu dituzten aldi bakarra. Herrian modu irekian antolaturiko Gazte Egunean (abuztuaren 13an), polizia-indarrek betetzen duten funtzio zapaltzailea seinalatzeko propaganda jarri zuten kaleetan, baina eraso egin zieten mezu politiko horiei: Ertzaintza eguerdian aritu zen propaganda kentzen eta zentsuratzen.