Badirudi Lanbide Euskal Enplegu-Zerbitzu publikoak ez daukala aski Jaurlaritzaren menpeko baliabideen bidez gauzatzen duen errepresioarekin: herritarren artean bultzatu nahi du elkar kontrolatzea eta seinalatzea. Bere web-orrian "iruzurraren kontrako" postontzi bat sortu du Lanbidek, eta herritarrek aukera edukiko dute salaketa anonimoak egiteko, uste badute edo susmatzen badute prestazio sozialak jasotzen dituen norbait "iruzur" egiten ari dela.
Hain zuzen ere, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrerak (BGDS) ziurtatzeko prestazioa kobratzen duten pertsonak egongo dira jopuntuan. Norbaitek susmatzen badu nor edo nor, prestazio horiek kobratzeko, "legez kanpoko praktikak" egiten ari dela, modu anonimoan eta konfidentzialean seinalatu ahal izango du, online postontziaren bidez.
Web-orrian formulario bat bete beharko dute salatzaileek, eta horrela azaldu beharko dute seinalatutako pertsonak zergatik ez dituen betetzen prestazio sozialak jasotzeko baldintzak. Orain arte ere egon da salatari-lanak egiteko aukera, baina araututako prozedurarik gabe: orain, "prestazio sozialen kobrantzan gardentasuna eta justizia bermatzea" hartu du aitzakiatzat enplegu-zerbitzuak kontrol-baliabide berria martxan jartzeko. Aurten, 72 txibatok jo dute Lanbiderengana, herritarren bat salatzeko.
Astelehen honetan aurkeztu zuen Lanbidek Konplitzea da zure bermea (Cumplir es tu garantÃa) kanpaina, teorian, "iruzurrak saihesteko" eta zerbitzu publikoekiko "betebeharrak" modu "boluntarioan" bete daitezela sustatzeko asmoz. Horren aitzakiapean bultzatu ditu herritarrak euren inguruko pertsonak kontrolatzera eta salatzera, Lanbideri "egiazko informazio eguneratua" emateko.
Lanbide eta Ertzaintza eskutik
Aurreko abenduan sortu zuen Lanbidek ikuskaritza-talde bat, hemeretzi funtzionarioz osatuta. El Correo-ren arabera, ordutik, prestazio sozialen bat jasotzen duten 5.426 pertsonaren espedienteak aztertu dituzte, haiek arriskuan jarriz. Poliziarekin elkarlanean aritzen dira Lanbideko ikuskariak: ofizialki, hemezortzi kasu bideratu dizkie polizia-indarrei.
Dena den, ziur aski, askoz ere gehiago izango dira errealki Ertzaintzari bideratutako kasuak. Azken urtean, jende ugarik azaldu du Lanbideren eta Ertzaintzaren jazarpena jasan duela: besteak beste, prestazio sozialak jasotzen dituzten pertsonen etxeetara sartu dira ikuskariak eta ertzainak, ustezko "iruzurrak" atzemateko asmoz. Esate baterako, Barakaldon (Bizkaia), dozenaka familia jazarri dituzte joan den udan, eta, Deba Bailaran, beste dozenaka lagunen lekukotzak jaso zituen bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.