Frantziako Gobernuko bozeramaile Jean Castexek joan den ostiralean adierazi zuenez, Covid ziurtagiria txertatuei soilik onartuko zaie urtarril amaieratik aurrera; hots, COVID-19a atzemateko testetako emaitza negatiboek ez dute balioko ziurtagiria eskuratzeko.
Neurria oraindik Frantziako Legebiltzarrean bozkatzekoa bada ere, Ministroen Kontseiluan baieztatua izan da jada, eta soilik argiztatzeko puntu batzuk izango lituzke; hala nola, zein lekutan jarriko litzatekeen indarrean. Hori dela eta, aurreikusten denez, leku publiko guztietan sartzeko izango da beharrezkoa txertatuta egotea; erran nahi baitu tabernetan, gune kulturaletan nahiz bestelako ekitaldi jendetsuetan. Oraindik ez dakite garraio publikorako ere eskatuko duten txertatuta egotea.
Horrez gain, neurria lan-mundura hedatzeko asmoa ere azaldu du Frantziako Gobernuak. Osasun-sektoreko langileek dagoeneko erakutsi beharra dute Covid ziurtagiria soldatapeko lanean, baina, neurri berriarekin, txertatuta daudela frogatu beharko dute. Covid ziurtagiririk erakutsi ez duten langileen soldatak izoztuak izan dira jada osasun-sektorean.
Txertoan oinarritutako ziurtagiria ez dela "lanbide guztietara hedatuko" esan du Castexek, baina ziurtagiri arrunta, orain artekoa, eremu gehiagotara zabaltzea jarri dute mahai gainean.