AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2023/10/05 22:52

Datorren asteartean, hilaren 11n, Tubacexeko bi langile epaituko dituzte Gasteizen (Araba). Aiaraldeko beharginek 2021ean jo zuten grebara, eta hainbatetan oldartu zen Ertzaintza grebalarien eta haiei babesa ematen ari zirenen kontra, protestan ari zirenean. Zenbait pertsona auzipetu zituzten horren harira, eta hurrengo astean epaituko dituzte haietako bi; kasu honetan, Tubacexeko bi langile.

Zigor eskaera desberdinak egin dituzte bakoitzarentzat. Agintaritzaren kontrako atentatua egitea leporatuta, hamalau hilabeteko espetxe-zigorra eskatu dute beharginetako batentzat. Agintaritzaren aurkako bi atentatu egitea eta erresistentzia egotzi dizkiote bigarrenari, ordea, eta zigor gogorrago bat atera dute mahaira beretzat: guztira, hiru urte eta hamar hilabeteko kartzela-zigorra, kalte-ordainez gain.

Aurretik bi epaiketa, eta laugarren bat abenduan

Tubacexeko Aiaraldeko beharginek ia zortzi hilabetez egin zuten greba 2021ean, eskualdeko 100 langileren lanpostuak kolokan zeudenean, eta orduko lanuzteei eta protestei lotuta, bi epaiketa izan dira dagoeneko. 2022ko azaroan epaitu zuten Amurrioko (Araba) grebalari bat polizia-agente bat jotzea leporatuta, eta joan den ekainean egin zioten epaiketa Laudioko (Araba) beste behargin bati, autoritateari atentatua egitea eta erresistentzia egotzita.

Bestalde, iragan irailaren 18an, langileen protestetara batu ziren hiru gazte epaitu behar zituzten, baina atzeratu egin zen saioa, bi ertzain ez zirelako epaitegira bertaratu. Printzipioz, datorren abendura arte gibelatu dute hiru gazteen aurkako epaiketa.

EZ DAGO IRUZKINIK