Atzo Etxe Zuriak baieztatu zuenez, Donald Trump presidenteak eta bere taldeak "aukera batzuk" aztertzen ari dira Groenlandia indarrez hartzeko, uhartea "segurtasun nazionalerako lehentasuna" dela argudiatuta. Ez dute baztertu, horretarako, AEBetako armada erabiltzea. Reuters eta BBC hedabideei igorritako komunikatuaren arabera, Trumpek "argi utzi du" Groenlandia kontrolatzeko beharra, "Artikoko eskualdean arerioak disuaditzeko".
"Presidentea eta bere taldea kanpo-politikako helburu horretarako aukerak ebaluatzen ari dira, eta armada erabiltzea beti da komandanteburuaren esku dagoen aukera bat", dio testuak. Goi-funtzionario batek Reuters agentziari jakinarazi dionez, Trump akordio bat lortzeko "irrikaz" dago, eta eztabaidagai daude Danimarkari uhartea zuzenean erosteko aukera edo "elkartze askeko itun bat" egiteko aukera.
Danimarkak estatubatuarren argudioei uko egin eta Europako Atzerri eta Defentsa ministroen ezohiko bilera batera deitu zuen. Danimarkako Gobernuak gezurtatu egin zuen Trumpek argudiatutako "segurtasun beharra", eta Marco Rubio estatu-idazkariarekin "premiazko elkarrizketa" bat izatea eskatu zuen. Jens-Frederik Nielsen Groenlandiako lehen ministroak adierazi du Washingtonekin "negoziatzeko prest" dagoela.
Argia eta laburra
Stephen Millerrek, Etxe Zuriko kabineteburuak, hala zioen astelehenean CNN-ri eskainitako elkarrizketa batean: "Groenlandiak 30.000 biztanle ditu. Zer eskubiderekin aldarrikatzen du Danimarkak Groenlandia berea dela? Zein oinarri du bere lurralde-aldarrikapenak?". Gaineratu zuenez, "mundu librearen etorkizuna Estatu Batuak bere interesak inposatzeko eta defendatzeko gai izatearen mende dago, barkamenik eskatu gabe. Superpotentzia bat gara, eta, Trump presidentearen agindupean, hala jokatuko dugu".
Miller ez zen hitz horietara mugatu, eta argi eta garbi esan zuen: "Venezuela lehen urratsa izan da. Orain Groenlandia doa. AEBen menpe egon behar du, eta berdin dio Danimarka NATOren menpe egotea, AEBak baitira NATOren boterea".
"Etsaia" etxean
AEBek base eta instalazio militarren sare zabala dute Europar Batasuneko herrialdeetan, 160 bat base eta instalazio iraunkor eta aldakorrekin. Alemanian daude gehien, 119 base hain zuzen ere, Ramstein Air Base eta USAG Bavaria instalazio erraldoiak barne. Italian hamabi base dituzte, horien artean Aviano Air Base eta Naval Air Station Sigonella; eta Erresuma Batuan hamar, RAF Lakenheath eta RAF Mildenhall kasu.
Espainiako Estatuan bi base nagusi dituzte AEBek, Naval Station Rota eta Morón Air Base; Belgikan hiru; Herbehereetan bi; Polonian bost; Grezian lau, Naval Support Activity Souda Bay nabarmentzen delarik; Portugalen bat, Azoreetan; eta Errumanian, berriz, lau. Base iraunkorrak badira horien artean, bai eta NATOren eta bi aldeko akordioen araberako errotazio-instalazioak ere, EUCOMen 2026ko urtarrileko datuen arabera.
57.000 biztanleko lurralde autonomo danimarkarra da Groenlandia, eta, beraz, Europar Batasunari lotutakoa. Bertan ere badu base militar bat Washingtonek: Pituffik Space Base, 150 soldadu iraunkorrekin, "espazioaren zaintzan eta misil-defentsan" jarduten dutenak. Pituffik Inuit ehiza-herrixka bat zen bere garaian, 1951n Estatu Batuek Thule izeneko aire-base bat eraikitzeko baimena jaso zuten arte. 1953rako, Pituffik eta inguruko Dundas herrixkako biztanle guztiak behartu zituzten 130 kilometro mugitzera, Qaanaaq herri berrira hain justu.