AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileen elkarretaratzea Castejonen. Argazkia: @ccoonavarra
2020/10/28 12:37

Trenasako 118 langileek lanpostuei eustea lortu dute oraingoz, gutxienez beste hiru hilabetez. CAF taldeak haren parte den Castejongo (Nafarroa) Trenasa plantaren itxiera iragarri zuen, eta aurreratu zuen urriaren 31n kaleratu nahi zituela behargin gehienak, eta abenduaren 31n gainerakoak. Orain, ordea, langileen borrokaren eta greba mugagabearen ondoren, erabaki hori hiru hilabetez atzeratuko dutela jakinarazi du zuzendaritzak, Renferen kontratu batzuk ixteko zain daudela-eta. Orduan aztertuko lukete berriz Trenasa behin betiko itxi ala ez.


"Lan-karga falta" aipatu zuen zuzendaritzak Castejongo planta ixteko argudio modura. Enpresak sei milioi euroko laguntza publikoak jaso zituen 2019an Nafarroako Gobernuaren partetik, Sodena sozietatearen bitartez.

Borroka eta elkartasuna


Trenasa ixteko erabakiaren aurka, greba mugagabea hasi zuten langileek urriaren 2an. Borroka Castejondik harago eramanez, besteak beste, CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) egoitzaraino joan ziren haien aldarrikapenekin. Gainerako langileen elkartasuna ere antolatu zuten; ordubeteko lanuzteak egin zituzten, esaterako, Beasaingo, Irungo (Gipuzkoa), Zaragozako eta Madrilgo langileek.


Beharginek behin baino gehiagotan salatu dute CAFen jarrera, besteak beste, aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteen inguruan. 2012tik aurrera, zazpi aldi baterako enplegua erregulatzeko espediente aplikatu ditu CAFek Castejongo plantan: "9.500 milioi euroko eskariekin, 2019an errekorra lortu zuen multinazional handi bat da CAF, 2018an baino %37 gehiago. Lan-kargekin jolasten dute mundu osoko lantegietan, unean unean komeni zaienaren arabera, familia askoren ogiarekin jolastuz. Horri deslokalizazio esaten zaio".