AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Naia Zuriarrainen tortura testigantza zabaltzeko egin duten bideoko irudi bat.
2021/07/14 13:28

2010eko apirilean, atxilotu eta inkomunikatu zituztenean, guardia zibilek torturatu egin zituztela salatu zuten atzo 13/13 sumarioko auzipetuetako bik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean eman zuten testigantza Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek, atzo: mehatxuak, ukitu sexualak, kolpeak, poltsa… Deklarazioak buruz ikastera derrigortu zituztela azaldu zuten. Orain, kartzela zigorrak eskatzen dizkiete, besteak beste, deklarazio haietan oinarrituta. 

Guztira, zortzi dira 13/13 sumarioan auzipetuak, eta haietako zazpi ari dira epaitzen: 77 urteko espetxe zigorra eskatzen diete osotara, "ETAko kide izatea edo hari laguntzea" leporatuta. Preso politikoen abokatu gisa nahiz haien aldeko mugimenduetan aritutakoak dira. Atzo hasi zen epaiketa, eta gaurko saioan, guardia zibilek deklaratu dute lekuko gisa.

Mehatxuak eta bidaia

Zuriarrain eta Agirreri Madrilerako bidaiatik bertatik hasi zitzaizkien tratu txarrekin eta mehatxuka, postura behartuetan eta begiak estalita zeukaten bitartean. "Autoan, bidaia osoan mehatxuak egin zizkidaten, Madrileraino denbora nuela hitz egiten hasteko, Madrilen tratua aldatuko zela eta oso gaizki pasatuko nuela ez banuen esaten haiek nahi zutena", azaldu zuen Zuriarrainek: "Besoekin posizio behartu batean egonarazi ninduten […] Bidaia osoa izan zen horrela: Madrilera iristean, txikituko nindutela".

Agirreri ere hasieratik egin zioten mehatxu, gernu infekzio batengatik Basurtuko Ospitalera (Bizkaia) eraman zutenean. Lehenago lasaitzeko esan zion guardia zibil bera hasi zitzaion oihuka, "esanez nahi zutena kontatzen ez banien txikitu egingo nindutela Madrilen".

Galdeketak

Madrilera iristean, begietako estalkia kendu eta soto batera eraman zutela kontatu zuen Agirrek: "Dena oso zikina eta iluna zegoen. Han ez zegoen argirik. Hasieran, sarri atera ninduten kalabozotik. Halako batean, guardia zibil ugari sartu ziren kalabozoan, eta hormaren kontra jarri ninduten. Horietako bat gerturatu zen, eta belarrira galdetu zidan ea ama izan nahi al nuen. Harritu egin ninduen galderak, baina baiezkoa erantzun nion. Esan zidan prestatzeko: ez nintzela izango, eta galdeketa hastera zihoala".

Zuriarrainek azaldu zuen auzitegi medikuari kontatzen ziola jasaten ari zena, hura etortzen zen bakoitzean. "Tratua okertu egin zen. Haiek [poliziek] esaten zidaten medikuari ezin niola ezer esan, eta esanez gero ondorioak izango zirela". Galdeketa bat baino gehiago egin zizkioten: "Galdeketetako batean, burua eta bularrak ukitzen hasi ziren, mehatxatzen".

Beste galdeketa batean, biluzteko esan zioten Zuriarraini. "Ez nuen nire kabuz egin, eta indarrez kendu zidaten arropa. Goma-aparrak jarri zizkidaten besoetan lotuta, eta ur hotza bota zidaten burutik. Barruko kamiseta apurtu zidaten. Gorputz osoa ukitzen hasi ziren; guardia zibil batek bere genitalak jarri zituen nire atzealdean, iruzkin sexualak eginez, umiliatuz, irainduz".

"Guztia buruz ikasi behar nuen"

Poltsa erabiliz ezin arnasteraino behartu zutela ere azaldu zuen Zuriarrainek: "Ahoan sartzen zitzaidan, eta ahoarekin apurtzen saiatzen nintzen. Esaten zuten lasai egoteko, poltsa asko zituztela. Sentitzen nuen hiltzen ari nintzela, itotzen ari nintzela. Galdetzen zidaten guztia buruz ikasi behar nuen".

Agirreri ere hala egin zioten: "Poltsa bat jarri zidaten buruan, eta arrastaka eraman ninduten galdeketa gela batera". Galdera bakoitzean, behin eta berriz jotzen zutela azaldu zuen: "Arropa kentzen hasi ziren, soinekoa askatzen eta galtzerdiak kentzen. Erresistentzia jarri nuenez, joka hasi ziren. Biluzik nengoen galdeketetan. Ariketa fisikoak egitera behartu ninduten; bitartean, atximurka egiten zidaten titiburuetan. Bagina birritan ukitu zidaten. Zigarroaren kea nire poltsaren barrura bota zidaten; ezin nuen arnastu".

EZ DAGO IRUZKINIK