Atzo hasi zen Gazte Topagune Sozialista Burlatan (Nafarroa) eta Atarrabian (Nafarroa). EH Bildu-Sortu buru duten bi udalek jarritako debekuen eta oztopoen gainetik, Topagunearekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA). Hala, baimen nagusien ukoa gaindituta, gazteek hiru hitzaldi handirekin eman zioten hasiera Topaguneari, atzo arratsaldez. Iluntzean, aldarriak kalera atera zituzten berriz: Burlatako plazatik hasita Atarrabiaraino egin zuten manifestazio bat, Topaguneari ezarritako debeku politikoa eta "gazte langileon aurkako jazarpena" salatzeko.
"Garbi ikusi dugu EH Bilduk ez duela zalantzarik egiten; gai denean eta hala nahi duenean, bere interes propiorako erabiltzen ditu erakunde publikoak, legedia eta trikimailu administratiboak. Eta inoiz baino argiago azaldu du hedatzen eta hazten ari garen gazte komuniston bidea oztopatzen lehen lerroan egongo direla", esan zuten GKSk eta IAk manifestazioaren amaieran. Ohartarazi zuten, baina, "debekuen gainetik, aurrera jarraitzen" duela Topaguneak, milaka gazteren determinazioari eta lanari esker, eta "pentsamendu kritikoa bultzatzeko ez delako debekatzaile horien baimenik behar".
Kanpaldi erraldoia gauean
Atzo iluntzeko manifestazioaren ostean, kanpatzeko beharrezko materiala hartu eta Atarrabiako Entrecementerios gunera abiatu ziren ehunka eta ehunka pertsona, hautu argi batekin: EH Bildu-Sortuk Atarrabiako Udalaren bidez ukatutako gune nagusietako batean kanpatzea, gaua han igarotzeko eta Topagunearekin aurrera jarraitu ahal izateko. Eta lortu dute: debeku arbitrario eta autoritarioen gainetik, bat-bateko kanpalekuan egin du gaua gazte andanak, eta aurrera segitu du Topaguneak.
Gaur ere, hitzaldi bat eta aldarrikapenak
Topagunearen bigarren eguna izango da gaurkoa eta, atzo bezala, hitzaldi batekin emango diote hasiera egunari. 10:00etan hasiko da, hain zuzen ere, Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak hitzaldia. Horren ondoren, eguerdian, manifestazio bat egingo dute Iruñeraino, Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen! lelopean.
Arratsaldean, bazkaltzeko tartearen ondoren, hainbat musika emanaldi eskainiko dituzte Totem aretoan. TOC, Merina Gris, Elio Toffana, Ill Pekeño & Ergo Pro eta Raimundo el Canastero igoko dira Totemeko oholtzara, eta Haustura Showcase saioa ere izango da.